XII. Aitzkozar krosean Larraza korrikalari bakaikuarra gogoan

Guaixe 2016ko mai. 20a, 14:16

Larunbatean jokatuko da lasterketa, Bakaikun. 17:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira eta 18:30ean proba nagusia (8,1 km)

Aurten Bakaiku izango du hasiera eta helmuga XII. Aitzkozar krosak. Lasterketa Iturmendin hasi ziren antolatzen, baina 2010etik aurrera Iturmendin eta Bakaikun jokatzen da, txandaka. Aitzkozar eta Bakarrekoetxea elkarteak arduratzen dira proba antolatzeaz, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin eta makina bat babesleren bultzadarekin.

Bihar jokatuko da proba, larunbatarekin. 17:00etan kategoria txikiko lasterketak hasiko dira. Aurrebenjaminak (450 m), benjaminak (560 m), haurrak (1.600 m) eta kadeteak (2.400 m) Bakaikuko kaleetan barna ariko dira korrika. 18:30ean hasiko da proba nagusia. Jubenilek Bakaiku eta Iturmendi artean prestatutako zirkuituari buelta bakarra eman beharko diote (4,050 km) eta helduek, aldiz, bi itzuli (8,1 km).

Aurreko urtean 164 korrikalari aritu ziren, guztira, eta Antonio Etxeberria iruindarra (39:17) eta Izaskun Beunza olaztiarra (48:22) izan ziren irabazleak.

Oparia eta merienda
Proba bukatzen duten korrikalari guztiek oparia jasoko dute. Bestalde, lasterketa nagusiko irabazleek, gizonek nahiz emakumeek, trofeoa jasoko dute. Eta indarrak berreskuratzeko, antolatzaileek auzate bikaina antolatu dute korrikalari guztiendako.

Izena emateko
Aurretik www.dantzalekusakana.com edo 948 562 034 eta 606 398 802 telefonoetan. Egunean bertan Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean, proba hasi baino ordu bat lehenago. Kuota: 5 euro.

Lukas Larrazari omenaldia
Aurtengo Aitzkozar krosa “berezia” izango dela aurreratu dute antolatzaileek, Lukas Larraza korrikalari bakaikuar handia omenduko dutelako. Lukas Larraza 1929an jaio zen eta krosean espezialista handia izan zen. Nafarroan federaziorik ez zegoenez, Gipuzkoakoarekin lehiatu zen. Nazioetako Krosean –egungo Munduko Kros Txapelketa– 3 aldiz internazionala izan zen, 1955etik 1957ra, Donostian, Belfasten eta Waregemen jokatutako Nazioetako Krosean. Donostiakoan 44.a sailkatu zen eta taldekako brontzezko domina jaso zuen. 4 aldiz irabazi zuen Mugerza Memoriala. Lau aldiz Nafarroako txapelduna izan zen. Bestalde, gogoratzekoa da 1951ko martxoan Altsasun zapatila galdu eta lasterketako zati handiena elur gainean korrika egin behar izan zuenekoa.

Sakanako Atletismo Kopa mustuko du
Mank-eko Kirol Zerbitzuak, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubarekin batera, XIII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria antolatu du. Helburua atletismoa eta Sakanako herri lasterketak sustatzea da. Aurten 5 probek puntuatuko dute koparako: XIII. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 21), III. Ziordiko Herri Krosak (maiatzak 28), XIII. Ergoienako Birak (irailak 17), XVI. Sakanako Herri Lasterketak (urriak 22) eta XXXVI. Barrikarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8).
Lasterketa hauetan Sakanako 10 hoberenek puntuatuko dute, 10 emakumezkok eta 10 gizonezkok. Kopan puntuatzeko korrikalari sakandarrek gutxienez urte bat eman beharko dute Sakanan erroldatuta eta bost proba hauetatik gutxienez lautan parte hartu beharko dute. Lehenengo hiru neskek eta hiru mutilek saria lortuko dute, kirol materialean gastatzeko diru kopurua. Bestalde, proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari bat zozketatuko da.