Konponketak Iriondo kalean

Guaixe 2016ko eka. 24a, 09:32

Bakaikuko Udalak 288.420,98 euroko aurrekontua du. Egoitz Urritza Lazkoz alkateak jakinarazi digunez, aurreikusitako herri lan handiena Iriondo kalearen zati baten konponketa da. “Kaleak berritu zirenean konpondu gabe gelditu zen, eta dermioko bide baten modukoa da gaur egun. Erauntsi handiak daudenean erreka bat dirudi eta urak kaxkailu guztia Elizpea kalera ateratzen du. Gelditzen diren zuloak konpondu dira, baina behin betiko konponbidea behar du.”

Herriaren goiko eta beheko aldeak (Elizalde kaleko garbitokia) lotzen ditu Iriondo kaleak. 185 metro luzeko tarte batean kaxkailuarekin dago eta haren ordez porlana jarriko dute. Euria behar bezala jasotzeko V itxura izanen du zoruak, erdian urarendako erretena jarriko dute eta ezker-eskubi malda txikia izanen du. Lanek 30.000 euroko aurrekontua dute eta haiek lehenbailehen eman nahi ditu udalak, udazkenerako despedituta egoteko. Enpresa hartzaileak 25 egun izanen ditu lanak egiteko. Halako lanetarako deialdirik ez dagoenez, udalak ez du diru-laguntzarik eskatuko.

Langile berria
Bakaikuko eta Iturmendiko Udalek idazkaria partekatzen dute. Eta duela hiru astetik administrari bat ere. Lanaldi erdian ari da. “Idazkaria aspaldi ari zen lan handia zuela eta ezin ziola erantzun”. Horregatik, bi udalak ados jarri eta lanaldi erdian ariko den administraria kontratatu dute. Idazkariarekin batera ari da herri batean eta bestean, “martxa hartzen”. Etorkizunean harrera hobetzeko hartu ditzaketen neurriak aztertuko dituzte udalek.

Azken horrekin lotuta, “udala herriari zabaldu, hurbildu eta gardentasuna bilatuz, ostiralero zinegotzi bat herriaren etxean dago, 18:30etik 20:00etara. Edozein eskaera, ekarpen edo kritika egiteko aukera dago.” Bi hilabete daramate horrela. Bestalde, udalaren berri emateko herrian barna informazio oholak jartzea aztertzen ari dira.

Diru kontuak
Bakaikuko Udalak katastroaren balioak eguneratu eginen ditu eta hori egin ahal izateko 5.000 euro bideratuko ditu. Alkateak esan digunez, udalaren ekonomiaren egoera ona da. “187.000 euro ditugu. Kaleak berritu ziren eta lan horiengatik 2022ra arte urtero 25.000 euro ordainduko ditugu. Nahiago dugu horrela ordaintzen joan, edozer gauza gerta eta aurre egiteko laukorik ez izatea baino.”