Dima eta Bakaiku artean 86 km daude. Bi herriak, hala ere, “erronka eta amets” batek lotzen ditu: azaroaren 27an herri bakoitzean eginen den herri galdeketa. Biek ere garagarrilean egiteko asmoa zuten, baina Espainiako hauteskundeen errepikapena, eta Euskadikoak dimoztarren kasuan, data atzeratzera eraman zituzten. Bi herrietako Gure Esku Dago taldeek data bera aukeratu zuten, galdeketa “garbia eta topagune izanen dena” nahi dutelako.
Galdeketa data partekatzeaz aparte, dimoztarrak eta bakaikuarrak ere harremana badute. Horren adierazle Bizkaitik jasotako gonbidapena. Hala, 26 bakaikuar Dimako festetara joan ziren ostiral arratsaldean, alkatea tartean zela. Egoitz Urriza Lazkozi Dimako alkate Nekane Intxaurzak egin zion harrera eta festetako ttattarra jarri zion. Bakaikuarrek festari ekarpena egin zion eta ogia bukatu arte 50 kilo txistor eskaini zuten, auzatean (400dik gora pintxo). Talde argazkia egin zuten bi herrietako galdeketa babesten duten herritarrek. Hartu-emana estutzeko herri kirolak, pilota, play back-a eta beste izan ziren.
Gauerdia pasata, plazan guztiek “aurrean duten erronka eta ametsaren alde” topa egin zuten. Bakaikuarrek dimoztarrei Sakanara etortzeko gonbidapena egin zieten, festa giroan harremana mantentzeko, eta noiz izanen den zehazteko dago.