Bernoako galtzada berreskuratzeko auzolanean parte hartzeko gonbidapena

Guaixe 2016ko abu. 21a, 12:28

Horixe luzatu du Bakaikuko Udalak. Gogorarazi du agorrilaren 12tik 26 atzerriko 18 eta 25 urte arteko 14 gazte langintza horretan ariko direla Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen. Joan den urtean galtzada berreskuratzeko proiektuari segida emanen diote gazte horiek. Orduan bezala aurten ere gazte horiekin batera bakaikuarrak aritzeko gonbidapena luzatu du udalak.  Agorrilaren 24an, 25ean eta 26an izanen da, asteazkenetik ostiralera.

Bakaikuko ondarea berreskuratu nahi dutenendako hitzordua 9:00etan jarrita dago Mandubitako zubian. Udaletik jakinarazi dutenez, edonork egiteko moduko lan “errazak” izanen dira: aitzurrarekin goiko lur geruza altxatu, ilarrontzia pasa, sasiak garbitu… Udaletik nabarmendu dutenez, “lanaz aparte, harremanak egin, gure herriaren berri eman, ingelesa praktikatu… aukera ugari eskaintzen dizkigu Bernoako galtzadako auzolanak”.

Bernoako galtzada berreskuratzeko joan den urtean egindako lanen berri hemen duzu.