Bakaikuko Gure Esku Dagok herri galdeketa herrian garagarrilaren 19an egitea aurreikusia zuen, baina hauteskunde orokorren errepikapenagatik atzeratzea erabaki zuen. Azkenik azaroaren 27an izanen da. 300 bat bakaikuarrek izanen dute botoa emateko eskubidea egun horretan. Galdeketa egitasmoa aurkeztu zuenean Bakaikuko Gure Esku Dagokoek azaldu zutenez, “gure hitzak/haitzak hitz-jokoaren bidez, gure herriaren nortasunarekin lotzen dugu galdeketa” egin nahi dute, “haitz horien gerizpea iritzi anitzen topaleku bilakatuz”. Orain aitortu dutenez, “herri kontsulta hau erronka handia da guretzat eta, horregatik, galdeketa elkargune anitz, garden, parte-hartzaile eta zabala izatea nahi dugu”.
Asmo hori aurrera eramateko galdeketako galdera bakaikuarrek beraiek erabakitzea nahi dute. Hainbat bide erabiliko dituzte hori lortzeko. Hasteko, bakaikuar guztiek inkesta bat duen gutun bana jasoko du. Gure Esku Dagotik galderei erantzuteko baita galdera bera proposatzeko gonbidapena egin diete.
Adosgunea
Hasieran maiatzaren 7an egitekoa zen Adosgunea lastailaren 1ean eginen da Bakaikun. Gure Esku Dagok jakinarazi duenez, egun horretan galdera adostuko dute. Ordurako herri galdeketa antolatzen ari den talde eragileak inkestak aztertuak izanen ditu, eta haiek Adosguneko abiapuntua bihurtuko dira. Bilkura horretan biltzen diren guztien artean hartuko dute azken erabakia. Gure Esku Dagotik azaldu dutenez, “ adostasunera derrigortua dagoen bilkura” izanen da.
Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “galdera adosteak berebiziko garrantzia du” Horregatik, bakaikuar guztiak inkestak betetzera eta Adosgunean parte hartzera gonbidatu dituzte. “Herritar guztiak galderarekin gustura gelditzea oinarrizko eta ezinbestekotzat dugu, eta hori lortu ahal izateko parte hartze zabala behar beharrezkoa da”, gaineratu dute.