Urtebetetzeko oparia: Javier Zeberiok Cho Oyuko gailurra zapatu du

Guaixe 2016ko urr. 5a, 11:33

Nuria Garciarekin batera igo zen atzo bakaikuarra Cho Oyuko gainera (8.201 m), 33 urte betetzen zituen egunean. Kanpamendu nagusirako bidean, lehen kanpamenduan daude une honetan, atsedena hartzen

Bere lehen zortzimilakoa igotzea lortu du Javier Zeberio Arraras bakaikuarrak. Eta urtebetetze opari bikaina izan da, 33 urte betetzen zituen egunean, atzo zapatu baitzuen Cho Oyuko gailurra (8.201 m), Nuria Garciarekin batera. Euren espedizio kidea, Joanma Romero, gailurretik 100 metrotara geratu zen. Neke handiagatik eta laino itxi eta egonkorrarengatik han gelditzea erabaki zuen valentziarrak. Orain lehen kanpamenduan daude guztiak, kanpamendu nagusirako bidean. Racetracker sistemarekin satelite bidez euren ibilbidea jarraitu ahal da www.racetracker.es/rt/dezeroacim/cho-oyu web gunean.

Irailaren 2an hartu zuten Nepaleko bidea Javier Zeberiok eta Joanma Romero valentziarrak, Cho Oyu igotzeko asmoarekin. Katmandura iritsita, Lhasara jo zuten eta bertatik Tingrira. Bertan altuerara egokitzeko prozesuari ekin zioten eta handik Cho Oyuko kanpamendu nagusira iritsi ziren, irailaren 14an, aklimatazio prozesuarekin jarraituz. Euren ibilbideak Facebook bidez jarraitu genituen (De zero a cim). Cho Oyu igotzeko ibilbideari ekinez, lehen kanpamendua muntatu zuten 6.400 metrotan. Bigarren kanpamendua muntatzeko lanak nahikotxo atzeratu egin zitzaizkien, elurteengatik. Asmoa 7.000 metrotan bigarren kanpamentua jasotzea zen eta gailur saiakera egiterakoan bigarren kanpamendu hau 7.450 metrotara igotzea. Eguraldiak utzi zienean lortu zuten bigarren kanpamendua jasotzea eta ondoren kanpamendu nagusira jaitsi ziren, indarrak bereskuratzeko.  

Irailaren 27an, eguraldiagatik behera
Irailaren 27an, hau da, aurreko asteartean, bigarren kanpamendutik gora abiatu ziren, bigarren kanpamendu hori 7.400 metrotara igotzeko asmoarekin. “Gogorra izan zen igoera eta ezin izan genuen kanpamendua muntatu, haizearen indarragatik. Eguraldiak ere okerrera egin zuen. Zorionez, alpinista txekiar batek bere kanpamenduan hartu gintuen, bere dendan lo egiteko, eta oso eskertuta gaude. Dena den, 7.100 metrotan lo egitea gogorra da eta bere ondorioak ditu: buruko mina, eztula, zorabioak… Horrela, indarrak berreskuratzeko kanpamendu nagusira jaistea erabaki genuen” azaldu du sare sozialetan Joanma Romerok. Kanpamendu nagusian zeudela, bertan zegoen Frantziako espedizioak etxerako bidea hartu zuen, kanpamenduan egoteko baimena bukatu baitzitzaien. Aldiz, egun batzuk gehiagoko baimena zuten Zeberiok eta Romerok eta eguraldia hobetu arte kanpamendu nagusian geratu ziren, zain. Hurrengo hiru egunetarako eguraldi ona iragartzen zutenez, tarte hori aprobetxatu eta igandean, urriaren 2an, martxan jarri ziren Zeberio eta Romero. “Kanpamendu nagusitik Cho Oyu gailurreko bide guztia ikusten zen, argi. Sekulako argazkia zen” adierazi zuen Romerok. Eta Memé eta Nuria Garcia mendizaleekin eta Txinako espedizio batekin batera, Cho Oyu mendi tontorreranzko bideari ekin zioten “indarrez eta animoz ongi gaude eta igoera saiakera ona espero dugu. Jaitsiera arte komunikazioa etengo dugu” adierazi zuten mendizaleek. Eta bigarren kanpamendura arteko bidea egin zuten.

Goizeko bostetan Cho Oyutik mundura begira
Urriaren 3an, astelehenean, ekin zioten azken ahaleginari. 10 ordu luzeko bidea zuten aurretik. Azkenean, urriaren 4an, asteartean, goizeko bostak emateko gutxi falta zirela, Cho Oyuko gaina zapatu zuten Javier Zeberio bakaikuarrak eta Nuria Garciak. 100 metro eskas beherago geratu zen Joanma Romero. Zuen neke handiagatik eta laino egonkorrarengatik han gelditzea erabaki zuen valentziarrak, pena handiz, eta izan zuen Cho Oyuko punturik altuenera iritsi. Aurretik, Memék hirugarren kanpamenduan geratzea erabaki zuen, gastroenteritisak jota baitzegoen. Bere urtebetetze egunean Cho Oyuko gailurra zapatzea; horrek ez du preziorik. Zorionak Javier Zeberiori bere lehen zortzimilakoa egiteagatik.

Cho Oyu zapatu eta gero, beheranzko bideari ekin zioten mendizaleek. Gaur, asteazkenean lehen kanpamenduan daude, 6.400 metrotan, baina atseden hartu eta guztia biltzerakoan kanpamendu nagusira jaistea da euren asmoa.

http://www.racetracker.es/rt/dezeroacim/cho-oyu
Zeberio eta Romeroren espedizioaren ibilbidearen berri ematen duen aplikazioa, satelite bidez.