Erabakitze eskubidearen inguruko herri galdeketa eginen da Bakaikun azaroaren 27an. Gure Haitzak elkarteak bakaikuarrei erantzutea proposatuko dien galdera erabaki du: Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu? Galdera larunbat arratsaldean egin zen Adosgunean erabaki zen, hartan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten 25 bakaikuarren artean.
Baina haien egitekoa ez zen hutsetik hasi. Aurreko asteetan Gure Haitzak elkarteak etxez etxeko inkesta banatu zien eta bakaikuarrei euren galdera proposamena egiteko eskatu zieten. 18 jaso zituzten. Haiek guztiak kontuan hartu eta lanketa baten ondoren, elkarteko batzordeak hainbat puntu azpimarratu zituen. Larunbateko Adosgunean elkartu zirenei elkarteko kideek galderen inguruko zalantza batzuk argitu eta beharrezko azalpenak eman zizkieten. Guztiek galdera bozketa sekretu bidez aukeratzea erabaki zuten.
Galdeketa sustatu duen Gure Haitzak elkartetik adierazi dutenez, “galderak badu bere garrantzia baina orain garrantzitsuena galdeketa egunean jendea bozkatzera joatea da. Guk gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu eta parte hartze handia izatea da gure nahia, ez horrenbeste emaitzari begira, baiezkoa edo ezezkoa den.” Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, “hemendik aurrera azaroaren 27ko galdeketaren antolaketan jarriko ditu indar guztiak eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditugu”.