Noiz eta nola hasi zinen alpinismoan?
Hemendik zebilen kuadrilla batekin hasi nintzen. Apurka apurka mendira joaten hasi ginen, Pirinioetara. Gero, negualdean Alpeetara. Beste urte batzuetan Andeetan ere egon ginen. Elbrús mendia Errusian, etab.
Zeintzuk izan dira igo dituzun gailurrik altuenak?
Mont Blanc-en (4.809 m.) izan gara. Aipatutako Elbrús (5.642 m.), Errusian. Ondoren, Boliviara joan ginen, 6.000ko bat egiteko. Hortik aurrera, 7.000ko bat probatu nahi nuen, baina hemengo inork ez zuen saiatzeko asmorik. Orduan, Kirgizistanera joan nintzen Lenin tontorra (7.134 m.) igotzera. "Montañas del Mundo" izeneko agentzia batek talde bat osatu zuen. Ezezagunen arteko taldea zen. Bertan, gaur egun nirekin datorrena ezagutu nuen. Beste urte batean, Muztagh Ata (7.546 m.) igo genuen. Eta azkenekoa Cho Oyu (8.201 m.) izan da.
Noiztik ezagutzen duzu Joanma, zure espedizio kidea?
Leninen ezagutu ginen. Duela lau urte inguru. Hiru tontor daramatzagu batera.
Nola antolatzen da espedizio on bat? Fisikoki eta baldintza meteorologiko eta egutegiari dagokienez.
Asko kostatzen da. Batez ere, gure kabuz prestatzen dugulako. Izapide eta tramite asko daude. Gainera, beti trabak jartzen dizkizute. Bisekin arazoak izaten ditugu Txinan eta Tibeten. Urtebeteko aurrerapenarekin ibili gara antolatzen, gutxi gorabehera.
Nola egiten du bizia alpinista profesional batek?
Ez naiz profesionala. Ni igogailuen mantentze-lanean jarduten dut. Esfortzua egin behar duzu, hilabete pare bat behar dituzulako. Nire kasuan, adibidez, eszedentzia eskatu behar dut.
Jakinda arriskuak hartuko dituzula, zure familiak nola darama zu espedizioan joatea?
Nire aurrean nahiko ongi. Baina, hor zaudenean ez dute albiste gehiegi jasotzen eta ziur nago kezkak dituztela. Egun askoz inkomunikaturik gaude.
Geroz eta gailur altuagoak zapatu dituzula, non aurkitzen duzu motibazioa aurrera jarraitzeko?
Beti neukan erronka txikiren bat. Lehenengo 7.000. Gero pixka bat gehiago egiten zenuen, 7.500 metro. Azkenik, 8.000 metroak pasatzea zen gure helburua.
Cho Oyu izan da gailurrik latzena?
Oso gogorra izan da, luze egiten zaizulako. Denbora asko behar duzu. Azkenean, hilabete osoa ematen duzu mendian eta ia bakarrik zaude. Espedizio guztiarendako oso gogorra da. 50 egun oso luzeak egiten dira.
Alpinista txekiar batek bere kanpamenduan hartu zintuen. Nolakoa da espedizio ezberdinen arteko harremana?
Zerbait gertatzen bazaizu zure kide edo mendian daudenen esku zaude. Normalean jendearen artean harreman ona dago. Norbaiti zerbait falta bazaio, utziko diozu. Adibidez, mutiko perutar batek buzoa galdu zuen eta nirea utzi nion. Gehienetan, ingelesez kili-kolo komunikatzen gara.
Gailurrera iristean zer pasatzen zaizu burutik?
Egia esan, hor goian ez da asko pentsatzen. Ni bakarrik iritsi nintzen eta bertan bi holandar besterik ez zeuden. Askotan jaitsiera izaten da latzena eta horretan daukazu burua.
Noizbait geratu zara gailurra zapatu gabe?
Ez, sekula ez. Hala ere, Boliviara joan aurretik gaixo ibili nintzen. Baina, joan nintzen eta igo nuen. Hori bai, 6.000ko bat zen. Askoz errazagoa.
Kideren batek arazo larririk izan du?
Azkeneko espedizioetan beti Joanmarekin joaten naiz, baina ez dugu problemarik izan. Goian beti egongo da arazoak izango dituen norbait. Muztagh Atan, adibidez, talde bat nahiko juxtu zebilen eta zerbait beroa eskaini genien. Gure kasuan, gau batean beste baten dendan sartu behar izan genuen.
Teknologia garrantzia hartzen ari da arlo guztietan. Segimendu eta eguraldia zehatzago jakiteko aplikazioak agertu dira. Zerbait erabiltzen duzue?
Gu biok ia ezerekin joaten gara. Racetracker-a besterik ez generaman, GPS modura gure seinalea bidaltzeko. Ez geneukan ezeri buruzko informaziorik. Beti satelite telefonoa dutenengana hurbildu behar zara. Kobertura harrapatuz gero etxera deitzen duzu eta eguraldia jakiten saiatzen zara. Cho Oyun talde txinatar handi batek internet-a zeukan eta noizbehinka galdetzera joaten ginen. Bestela, dirua beharko duzu horrelakoak eskuratzeko.
7.000ko edo 8.000ko baterako espedizio batek gastu ekonomiko handia dakar ?
Bai. 7.000ko batetik 8.000ko batera ezberdintasuna oso handia da. 8.000koa hirukoitza edo laukoitza izan daiteke. 8.000ko batera joateko baimenak oso garestiak dira.
Elikadurari dagokionez, pisua galtzea oso ohikoa da ezta?
Bai, asko galtzen da. Azken finean, ez duzu hemen bezala jaten eta altuerak asko galarazten dizu. Zazpi edo zortzi kilo inguru galdu nituen. Jaisterakoan oso erraz errekuperatzen da pisua.
Behera iristen zarenean zer egiten duzu?
Familiari deitu. Han ez geneukan mugikorrik, baina Palentziako neska batzuk telefono satelitea utzi ziguten. Hiri batera iritsi arte ez daukazu koberturarik.
Zerbait berezirik aipatuko zenuke Cho Oyuko espedizioari buruz?
Gainerakoak baino askoz gogorragoa izan dela. 6.000ko batetik 7.000ko batera jauzia handia da, baina 8.000koaren kasuan are gehiago. Oxigeno eta xerparik gabe joaten garenez zailagoa egiten da.
Bidaiari ekin aurretik urduri jartzen zara?
Joan aurretik bai. Han gaudenean ni behintzat lasaitzen naiz. Hala ere, gailurrera igo aurretik normala izaten da urduri lo egitea.
Zein izan zen puskarik zailena?
Nire ustez, jaitsiera. Hirugarren kanpamendutik kanpamendu basera abiatu ginenean, gailurra zapatzearen hurrengo egunean. Igotako gauza guztiak eta kanpamenduak jaso behar ziren eta gogorra egin zitzaidan.
Asko lo egiten da altuera horretan?
Bai. Suposatzen da altueran ez dela ongi lo egiten, baina ni 7.500 metrotan ongi moldatu nintzen. Askotan galdetzen didate zer tenperaturekin egoten garen, baina zehazki ez dakit. Gorputzean ez duzu hotz gehiegi nabaritzen buzoarekin zoazelako. Gauza da eskuak eta oinak ongi estaltzea.
Etorkizunerako planak dauzkazu? Arreta deitzen dizun mendiren bat?
Momentuz ez. 49 egunez egon gara kanpoan eta gastua handia izan da. Baina beti mendiren bat igotzen duzunean, hurrengoan altuago igotzeko ideia daukazu.