Bakaikuko Udalak adierazi du hilaren 27rako herritarrek antolatutako galdeketa txalotzen duela. “Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta praktikan jartzeko ariketa demokratikoa dela deritzogu”. Horrekin batera, udalak bakaikuarrak egun horretan bozkatzera animatu ditu, “aukeren artean gustukoena aukeratuz eta guztion artean erabaki dezagun geure herriaren etorkizuna”. Herenegun egindako bilkuran hartu zuen udalak erabakia.
Onartutako mozioan udalak argudiatzen duenez, “azaroaren 27an erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta, herritar guztiok gure iritzia emateko aukera historikoa izango dugu”. 2014tik Bakaikuko Gure Esku Dagok erabakitze eskubidearen alde antolatutako ekimenak aitortu ditu (giza katea, oihalekin sortutako hautetsontzia…). Taldeak aurten egindako jarduerak “herritar anitz eta ugariren topaleku” bihurtu direla gaztigatu du udalak: “146 sinadura bilduz, mosaikoak, argazkiak, bideoak, bazkariak… ekitaldi jendetsuz lepo joan da urtea”.