Galdeketarako botoa aurretik emateko aukera bihar

Guaixe 2016ko aza. 18a, 11:09

Azaoaren 27an izanen da Bakaikun herri galdeketa. Argazk

Bederatzi egun falta dira erabakitze eskubidearen inguruko galdeketa egiteko. Bakaikuarrek hautetsontziekin hitzordua dute azaroaren 27an, domekan. Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu? galdera erantzuteko gonbidapena egin du Gure Haitzak, Bakaikuko Gure Esku Dagok. Eguna iritsi aurretik botoa eman nahi dutenek bihar izanen dute horretarako aukera. Gure Haitzak-eko kideek hauteslekua San Juan plazan kokatuko dute eta nahi duten bakaikuarrek 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara botoa emateko aukera izanen dute.

Galdeketari buruzko kanpaina atzo abiatu zuen elkarte sustatzaileak. Elkartean hainbat bakaikuar elkartu ziren eta, auzolanean, herritarrei bidaliko dizkiegun boto-txartelak eta galdeketaren inguruko informazioa jasoko dituzten gutunak prestatu zituzten.

Asteburuko hitzorduak
Galdeketak badu bere kanta. Eta galdeketari babesa azaltzen dioten 100dik gora bakaikuarrek abestiaren bideoklipean parte hartu dute. Hartan herritarrak “irribarretsu kantan eta dantzan” agertzen direla jakin dugu. Bideoklipa larunbatean, 19:30ean, aurkeztuko dute. Domekan, berriz, 1979ko hauteskundeetatik gaur egun arte Bakaikuko Udalean izandako hautetsiek agerraldia eginen dute. 13:00etan eginen den agerraldian hautetsi bakaikuarrek manifestu bat publiko eginen dute. Bestalde, Independentistak Sareak antolatuta, gaur, 19:00etan, Txutxi Ariznabarretak Erabakiaren aroan Independentziaren bidea jorratzen izenburua duen hitzaldia emanen du udaletxeko auzoan.