Bakaikuko Udalean 1979tik gaur egunera arte ardura izan duten eta duten hautetsiek manifestua publiko egin zuten atzo. Agerraldian jakinarazi zutenez, igandean Bakaikun eginen den herri galdeketarekin bat egiten dute. “Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta praktikan jartzeko ariketa demokratikoa dela deritzogu”. Aldi berean, adierazi zutenez, “manifestua sinatzen dugunok joera eta ideologia ezberdinekoak gara. Litekeena da Euskal Herriarentzat proiektu, egitura nahiz etorkizun desberdinak nahi izatea, horregatik, aniztasun horretatik, bakaikuarrak bozkatzera gonbidatu nahi ditugu, zeinahi dela ere botoaren norabidea”. Aipatu aldian hautetsi izan eta bizirik dauden 43 zinegotzietatik 40k bat egin dute idatziarekin, alkateak barne.
Jendaurrean egindako agerraldian guztiek ere Gure Esku Dagok 2013an martxan jarri zeneko adierazpenarekin bat egin zuten. Hartan aitortzen Euskal Herriak “garai berriak bizi” dituela eta haiek “baliatuz, elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela deritzogu. Ezinbestekoa da elkarrekin aurrera egitea ziklo berri eta ilusionagarria irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko ditugu”. Norbanakoek eta kolektiboek erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua adierazi zioten orduan, “eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide” gisa definitu zuen.
Gure Esku Dagok gaineratu zuenez, “norberak etorkizunari begira proposa ditzakeen proiektuetatik haratago, uste dugu posiblea, beharrezkoa, egokia eta zilegi dela oinarri demokratikoa duen eskubide honen jendarteratzearen eta egikaritzearen inguruko ekimen kolektiboa”. Izan ere, “pentsaera desberdinen arteko elkargunerako aukera eskaintzen duen eskubideaz ari gara”. Horregatik, “herri gisa geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula eta erabakia hartzea herritarroi dagokigula” nabarmendu zuen Gure Esku Dagok.