Igandean erabakitze eskubideari buruzko bi galdeketa eginen dira Euskal Herrian: Diman eta Bakaikun. Bai batean bai bestean galdeketak antolatu dituzten plataformetako kideek elkarrekin agerraldia egin zuten Beasainen larunbatean. Esan zutenez, galdeketak antolatzeak “lan handia eskatu digu, denbora, konpromisoa eta ardura. Baina are gehiago eman digu. Beraz, harro diogu, galdeketako emaitza era batekoa ala bestekoa izan, jada irabazi dugula: ilusioa irabazi dugu, auzolana, konplizitatea, ahalduntzea, kontzientzia, indarra... Eta prest gaude erabakitzeko”.
Igandeko galdeketan parte hartuz, erabakitzeak, “etorkizun zoriontsuago eta justuago bat izateko bidea da, guk geuk eta gure ondorengoek. Erabakiz askatu nahi ditugu gure herriaren erabakitzeko eskubidearen korapiloak. Erabakitzeko ariketen bidez ahaldundu egin nahi ditugu herritarrak; herritarron erabaki askeak eraikiko baitu gure herriaren burujabetza”. Ziurtatu zutenez, “ariketa demokratiko honek batu egin gaitu; gure arteko hormak eta harresiak gainditzen lagundu digu, elkar hobeto ezagutzen eta gure arteko loturetan sakontzen”. Erabakitzeko prest daudela adierazi zuten dimoztarrak eta bakaikuarrak.