Herri galdeketa Bakaikun

Erabakitze eskubidea praktikatzera

Guaixe 2016ko aza. 25a, 08:25

Domekan, 9:00etatik 20:00etara, botoa emateko aukera izanen da, Koxko tabernaren eta elkartearen artean egonen den karpan.

Garagarrilaren 19tik azaroaren 27ra data atzeratu ondoren iritsi da herri galdeketako eguna Bakaikura. Gure Esku Dagok Bakaikun duen marka Gure Haitzak da. Talde horrek antolatu du etziko herri galdeketa eta dagoeneko “dena bideratuta” dutela esan digute.

Ernesto Leitza, Laura Erdozia, Saioa Zelaia, Amaia Fuste, Lander Urriza, Martin Nafarrate eta Haizea Galartza taldekideekin elkartu gara horretaz hitz egiteko. Herri galdeketa 148 bakaikuarren babesa du eta hori oinarri sendoa dela uste dute: “fuerte hasi gara eta espero dugu askoz ere gehiagok parte hartzea eta arrakastatsua izatea”.

Antolatzaileek “parte-hartze oso-oso altua nahi dugu. Esperantza badugu, baina, badaezpada, ez dugu zenbakirik aipatzen”. Domekara begira bakaikuarren artean “ilusio handia” atzematen dute. “Azken egun hauetan jendea hainbat ekimenetan murgildu gara. Giro polita dago”. Bakaikuarrak eta sakandarrak astebururako prestatutako egitarauarekin gozatzera gonbidatu dituzte.

Girotzen
Herriko etxe guztietan jaso dituzte galdeketako boto txartela eta gutun-azalak. Auzolanean banatu zituzten. Bai, ez edo boto txuria eman dezakete galdeketan parte hartzen dutenek. Bakaikuarren artean galdeketa giroa sortzeko urtean barna hainbat ekimen landu ditu Gure Haitzak taldeak. Taldekideendako garrantzitsuak izan diren egindakoak zerrendatu dituzte: festetan plazan giza-mosaikoa, herritar guztien artean galdera aukeratu zuten, Durango-Iruña giza-katean izan zen parte hartze anitza,  ostiraleko pintxo potean jende ezberdina egon da eta giro polita egon da, kantuko eta bideoko parte hartzea jendetsua. Ziurtatu digutenez, “jendeak ilusioa dauka eta Gure Esku Dagorekin aurrera egiteko giro ona dago”.

Zergatik?
Galdeketa “herriak eskatzen duelako” eginen dute. “Herri gisa erabakitzea behar dugu, zentzu horretan pausoak eman behar ditugu. Erabakitzeko eskubide horren alde egiteko modua hau da. Uste dugu herri honetan erabakitze eskubidearen eta jendea ahalduntzeko bidean salto oso handia egin dugula”.

Galdeketak Bakaikun utziko duenaz galdetuta zera erantzun digute: “jendearen parte hartzeko jarrera; jende desberdinen arteko beldurra kentzea, herrian konfiantza gehiago izatea; jendearen erabakitze eskubidearen behar eta ahalduntze kontzientziazioan pausotxo bat eman dugu. Urtetan iraunen duen arrastoa utziko du.

Antolatzaileendako galdera baino gehiago garrantzitsuena “jende guztia bozkatzera joatea da. Berdin da galdera zein den, ahalduntzea eta erabakitzea hori da zioa”. Parte-hartzea egindako lanaren saritzat dute.

A13 plataforma etxarriarraren eskarmentua eta Gure Esku Dagoren galdeketetarako protokoloa izan dira izan dituzten “irakasleak”.  Urte bateko lana despedituko da domekan. Heldu den urtean Sakanan hainbat herri galdeketa eginen dituzte, eta dagoeneko harremanetan daude, “laguntzen ari gara, eta ondoren ere”.


Galdera:
"Euskal herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?"

Datuak:
Errolda: 300 inguru, 16 urtetik gorakoak
Galdeketa egitea erabaki zutenak: 60
4 lantalde: komunikazioa, egitaraua, sustatzailea eta muntaia
Antolakuntzan: 40 lagun
Pintxo-potea: astero koadrila bat
Domekan lanean: 60tik gora
Galdeketa babestu dutenak: 148
Aurretiko botoak: 8
2 galdeketa: Diman eta Bakaikun


Egitaraua:
· Azaroak 25, ostirala
20:00etan Zintz taldearen kontzertua.
Bokata-jana
22:00etan Garabatos taldearen kontzertua.
00:00etan Alerta Gorria taldearen kontzertua.

· Azaroak 26, larunbata
17:00etatik 19:00etara 4 eta 12 urte artekoendako tailerrak.
19:30ean Karaokea.
19:30ean Pintxo potea.
20:00etan Andoni Oilokiegiren kantaldia.

· Azaroak 27, domeka
9:00etan Hauteskunde mahaien irekiera ekitaldia.
Zorri azoka goizean.
Puzgarria egun osoan.
11:00etan Txistulariak.
11:15ean Trikitilariak
12:00etan Buruhandiak eta Erraldoiak gaitariak lagundurik.
12:30ean Herri Kirolak: Arbizu, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain.
13:00etan Ekitaldia. Bakaikuko Zortzikoa eta Gure Esku Dago dantza.
13:30ean Kantuz poteoa, Zubi Ondo kantari taldearekin.
14:30ean Bazkaria
15:30ean Kafea eta Kantua, Edor Zubeldiak lagundurik.
18:30ean Zirkoloretsua
19:00etatik 20:30era Inun kantaria
20:30ean Emaitzak eta amaiera ekitaldia.

Oharra: ekitaldiak San Juan plazako karpan izanen dira.