Herri galdeketa Bakaikun

Bakaikuk irabazi du

Laida Etxeberria Kaiuela eta Ernesto Leitza Urrestarazu 2016ko abe. 2a, 10:11

kolaboratzaileak

2014ko udaberri egun batean izan zen. Bakaikuarrok erabakiaren hazia erein genuen. Giza katean eskuz-esku eta urtebete geroago, borondatea ehuntzen, lehen sustraiak sendotzen hasiak ziren.

2016ko negu hotz batean izan zen. Bi ekitaldietatik lortutako indarraz baliaturik, herri galdeketaren ametsari ekin genion. Lehen egunak, ez ziren errazak izan: zalantzak, lanak, etsipenak, buruko minak… Baina oztopoak oztopo,  gogoko tokian, aldaparik ez. Egunak pasa ahala, Bakaikuarron babesa eta elkartasuna gero eta indartsuagoa zen. Herria gogotsu eta auzolanean, atzera kontaketarekin hasi zen.

2016ko azaroaren 27an izan zen. Hiru haitzen magalean erabakiak irabazi zuen. Herri gisa, jarrera eredugarri, parte hartzaile eta anitz batekin, hainbeste itxarondako eguna ezin hobeto joan zen, helburuetatik harago joanez eta izugarrizko arrakasta lortuz.  

2016ko abenduaren 2a.  Eskerrak ematea besterik ez zaigu falta. Ekimen honek Bakaiku indartu du, herria hunkitu, parte hartzaileagoa egin, auzolana sustatu eta ezberdintasun ororen gainetik, batu gaitu.

Mila esker gau eta egun  lanean ibili zareten horiei, mila esker beti ondoan, laguntzeko prest egondako sakandar guztioi eta nola ez, mila esker Bakaikuko herritar zaren horri,  zuri esker behin ereindako erabakiaren haziak loratu du! Herri txiki batean etorkizun handi bat marraztu dugulako, ZORIONAK BAKAIKU!

BAKAIKUKO GURE ESKU DAGOREN IZENEAN