Hiru mende San Anton omenduz

Erkuden Ruiz Barroso 2017ko urt. 23a, 10:45

Bakaikuko San Anton kofradeak larunbatean ospatu zuten zaindariaren eguna

San Anton eguna ilbeltzaren 17an izan bazen ere, larunbatean haren omenezko ospakizunak izan ziren eta Bakaikuko San Anton kofradia bildu zen. Elizan elkartu ziren lehen, hildakoen omenezko mezan. Sabino Leitza, Jaime Zelaia eta Pedro Urrestarazu izan dira azken urtean zenduetako sanantondarrak. Ez dira kofrade berririk egon, eta kofradian 95 kide dira. Larunbatean 54 bildu ziren abeltzain, abere eta mandazainen zaindariaren egunaren ospakizunaren bazkarian.

Bakaikuko San Anton kofradiaren kontu liburua 1886koa da, dena den, 1715 urteko liburu bat ere gordetzen dute. Beraz, hiru mendeko historiako kofradia da Bakaikukoa. Urtero legez, karguak berritu zituzten: Aingeru Lopez de Zubiriak, maiordomo izandakoak, Javier Negrin iaz belero izandakoari eman dio lekukoa. Iñaki Saez de Adana izanen da beleroa.