Bakaikuko aurtengo kintoak Itsaso Zelaia, Maialen Etxeberria, Jon Zelaia eta Naroa Larraza dira. Haiekin batera ospakizunera bi kinto zahar eta hiru kinto gazte batuko dira. Bederatzikoteak Bakarrekoetxea elkartean bazkaldu eta afalduko du gaur. Joan den urtean diru-eskeko hondarrekin pagatuko dituzte jan-edanak eta gero Altsasura joanen dira parrandan.
Larunbat goizean, trikitilariak lagun dituztela, kintoak herrian barna eskean ariko dira. Bakaikuar eskuzabalek emandako sosen kontura izanen dira kinto ospakizunak. Eske-aldia despedituta, bederatzikotea, musikariak, beste kinto zahar eta koadrilek autobusez nor bere sagardotegira joanen dira. Giro ederrean bazkaldu ondoren, iluntzerako Altsasura bueltatuko dira kintoak. Han afaldu eta parranda ordu luzetaraino luzatuko dute. Kinto ospakizunak despeditzeko elkartean afaltzera elkartuko dira. Zeinek bere ajearen berri eman eta, suertatuko balitz, parrandak segituko luke.