Etorkizuneko Bakaiku irudikatu eta oinarri nagusiak jartzeko prozesua

Guaixe 2017ko ots. 17a, 10:14

Aner Galartza, Izaskun Kintana, Egoitz Urritza eta Asier Razkin.

Udalak bakaikuarrak “parte hartzera gonbidatzen ditu. Denon artean nahi dugun herria erabakitzeko ezinbestekoa delako”. Proposamenak bi hilabetez landuko dituzte. Maiatzaren hasieran aurkeztu eta bakaikuarrei aukeratzeko beta eman diete. Proposamenen arabera aukeraketa eredua finkatuko dute eta emaitzak batzar bidez jakinaraziko dituzte.

Duela bi urte 16 urtetik gorako bakaikuarrek euren etxeetan udalaren inkesta bat jaso zuten. Udalak herriaren hurrengo 10 urte bitarteko beharrei aurre egiteko plana osatu nahi zuen herritarren parte-hartzearen bidez. 40 erantzunetik gora jaso zituen udalak eta haiek herriko diagnostikoa egiten lagundu ziguten eta ondorioen berri batzarrean eman zuten.

Abiatutako prozesu parte hartzaileari heldu dio udalak eta pauso gehiago eman nahi ditu 2027ko Bakaiku nola izanen den definitzerakoan. Egoitz Urriza alkateak esan duenez, “horretarako, herritarren iritzia jaso eta beraiekin batera egin nahi dugu ibilbidea. Pairatzen dugun egoera ekonomikoak udala baliabide urriekin utzi du eta horiek ongi kudeatzea behar-beharrezkoa da. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu bidean geldiune bat egitea eta ondo hausnartzea”.

Udal ordezkariek herritarrekin batera honako galderei erantzun nahi liekete: nolako Bakaiku irudikatzen dugu hamar urte barru? Zeintzuk dira herriaren erronkak? Erantzunak ematen asteko oinarria duela bi urte jasotako 40 inkestetatik gorako emaitzetan sortutako diagnosia dago. Urrizak azaldu duenez, “orain ondorioak aztertu eta proposamen zehatzak osatuko ditugu, datorren hamar urteetan gauzatzen saiatuko garenak”.

Lantaldeak eta epeak
Bakaikuko Udalak parte hartze prozesua aurrera eramateko dozena erdi lantalde sortuko ditu:
ingurumena eta natur baliabideak, azpiegitura publikoak, kultura, euskara, parte hartzea eta kirola. Urrizak haien egitekoak azaldu ditu: “euren arlotan proposamenak eginen dituzte. Gainera, genero eta adin gaiak zeharkakoak direnez bertan tratatuko dira”.

Larunbatean, 18:00etan, batzarra eginen da udaletxean eta hor hasiko da bigarren prozesua. Han Bakaikuarrek udalak dituen asmoen berri jaso, ekarpenak egin eta dudak argitzeko aukera izanen dute. Martxoko aurreneko bi astetan lantaldeen lehen bilerak eginen dira. Udalak bakoitzaren data eta haiekin harremanetan jartzeko moduak (telefonoak, posta elektronikoak…) aurki jakinaraziko ditu.

Alkateak argitu duenez, “lantaldeak beren arloko koordinazio gune izanen dira eta hainbat parte hartze modu utziko dituzte”. Parte hartzea errazteko honako baliabideak zerrendatu ditu: lantalde irekiak, “nahi duenak edozein momentuan parte hartu dezake”; lantaldeen bilerak publikoak izanen dira eta garaiz ohartaraziko dira; lan taldeen bileren aktak eskuragarri izanen dira; ekarpenak bileretan eta  aipatutako bitartekoen bidez egitea posible izanen da; prozesuan zehar, ostiraletan, zinegotziak udal bulegoa martxan jarriko dute, harreman zuzena bermatzeko eta, azkenik, udalak parte hartzea bultzatuko du eta prozesuan zehar hartzen diren erabakiak errespetatuko ditu.

Lantaldeak hautetsiek koordinatuko dituzte, “baina ez dute beste herritarrek baino ahalmen gehiago izanen”. Lantalderen batean proposamen kontrajarriak aurkeztuko balira, “herritarren esku utziko litzateke aukeraketa”. Azkenik, “beraien esperientzia eta jakintza elkartrukatzeko gonbidapena eginez”, 1978tik honaino hautetsi izandako guztiei gutuna bidali udalak.

Auzolana
Bakaikuko Udalak garagarril hasieran auzolana berreskuratzearen inguruko eztabaida abiatuko du, galdeketa garilean egiteko.

Erlazionatuak