Toki eta ordu berean. Aste bat beranduago. Gaur. Hala hitzartu zuten joan den ostiralean www.euskalkiak.eus web orriaren aurkezpenean elkartu ziren 25 bat bakaikuarrek. Euskalkien inguruko Interneteko ataria aurkeztera Koldo Zuazo hizkuntzalaria etorri zela baliatuta galdera luzatu zioten: bertako euskara ikasteko, oinarrizkoa, zer egin daiteke? “Gogoa da garrantzitsuena”.
Hizkuntzalariak ohartarazi zuen ezin izanen dela garai bateko Bakaikuko euskalkia piztu. Baina bertako hitz eta esamoldeek euskarari “kolorea” emateko baliagarriak direla gaineratu zuen. Zuazok ostiralean jakinarazi zuenez, Burudako hiztegia sortzeko lana martxan da. Hitzak jasotzen ari dira. Bakaikuarrei hiztegia osatzeko auzolana proposatu zien Zuazok, “hitzak jaso eta jakinarazi”. Zuazok nabarmendu zuenez, gramatikarekin batera “hiztegia garrantzitsua da, gauzak nola izendatu diren jakiteko”.
Bakaikuko eta Burundako euskalkiari buruzko materiala jasoa dagoela gaztigatu zuten. Asmoa hura “geldi-geldi, beldurrik gabe erabiltzen hastea da”. Altsasuarrei AEKn euskalkia erakusten dien Aitor Irigoien urdiaindarrak azaldu zienez, eskolen helburua “hitz egitea da”. Bileran izan zirenek Urdiaingo eta Bakaikuko euskalkiak oso antzekoak direla izan ziren. Antzeko soinua dutela. Zuazok: “beti desberdintzen gaituenean fijatzen gara eta ez batzen gaituenean. Batzen gaituena infinitua da. Burundak nortasuna du. Burundakoa atera aurrera”.
Zergatia
Ostiraleko bileran izan zirenak gaurko bileran ere izanen dira. Haietako hainbat Bakaikuko Gazte Asanbladako kideak dira. “Denbora bat da euskalkia berreskuratzeaz hitz egin genuena; Herrian ere zabaldu da. Bakaikuko hizkera zer edo zer jakitea gutxienez”. Amonari entzundako hitz solteak gogoan zituen beste batek eta “urdindarrei ere, eta inbidia pixka bat ematen zidaten. Gogo hori sortu zen”. Beste gazte batek esan zigun berarendako “oso garrantzitsua zela Bakaikuko euskararen zerbait jasotzea”.
Bileran izandako gazte batek herriko hizkera zekien aiton baten heriotza gogora ekarri du: “orduan hasi ginen: hau ezinezkoa da. Altxor bat galtzen ari gara eta horren bila gabiltza. Horregatik etorri naiz”. Euskalkiarekin betidanik interesa zuenik era bazen bileran: “aitonarekin pixka bat ikasi nuen, nire kabuz ere saiatu nintzen gehiago. Hobetzeko zer egin daitekeen, horregatik etorri naiz. Zeren gurea da eta gurea zaindu beharra daukagu”. Azken batek esan zigunez, “zerbait egin behar da. Bakaikuko euskara galtzen ari da, gutxi batzuk dira hitz egiten dutenak. Ea jendea biltzen garen eta zerbait mugitzen den”.
Batuaren eta euskalkien alde
Mendiko botak, etxeko zapatilak, txankletak, sandaliak, zapatilak, oinetakoak, ezpartinak… “Zein da oinetako onena? Bakoitza bere tokian. Euskararekin berdina! Euskara batua, euskalkia, lagun artekoa, gazte hizkera, argota… denak behar ditugu. Euskaldunok sortu behar ditugu”. Hala azaldu zuen Zuazok bere ikuspegia. “Euskara batua elkarri ulertzeko ezinbestekoa da. Gorde beharreko aktiboa. “Euskara batuaren, estandarraren, eta euskalkiaren alde gaude eta eta hori erakutsi nahi dugu www.guaixe.eus orrian”.