Jose Ramon Anda Oteiza lagunaren etxean

Guaixe 2017ko eka. 22a, 19:41

Altzutzako Oteiza Museoan Jose Ramon Anda. Kausa formala eta materia erakusketa  mustu zen asteartean eta lastailaren 1era arte ikusgai izanen da. Ehun bat eskultura, estudio eta altzari-lanen bidez bakaikuarraren eraikuntza-prozesuak ikus daitezke.

Jose Ramon Andak harreman pertsonal eta profesional bizia izan zuen Jorge Oteiza eskultorearekin. Orain bakaikuarraren erakusketa-proiektu bat oriotarrari eskainitako museoan dago ikusgai. Altzutzako museotik pasatzen denak Andaren ehun bat obra opatuko ditu: eskultura-lanak, artistaren lantegitik iritsitako estudio txikiak eta egin dituen altzari-lanei lotutako piezak.

Haien bidez erakusketako komisario Javier Baldak artistaren eraikuntza-prozesuak erakutsi nahi izan ditu, Bakaikuko estudioko "Andaren mundua" irudikatu nahi izan du. Horregatik, eskultura eta altzariekin batera, haiek diseinatzeko buztinez edo kisuaz egindako bozeto estudioak daude ikusgai ere. Baldak jakinarazi du erakusketa ez dela antologia bat, baizik eta bakaikuarrak bere ibilbidean formak nola landu dituen erakustea. Hala, kubo eta esferen konbinazioak, begiratzeko balio duten irekidura borobil edo obalatuak, enborren hustetik sortutako geometriak, obeliskoak… haien multzoak daude Altzutzan.

Museotik azaldu dutenez, "Andaren obrak, oro har, adierazi egiten ditu XX. mendeko azken hamarkadetan eskulturaren praktikak aurre egin behar izan dien arazo nagusiekin bere piezek dituzten harreman eta loturak". Baina, horrekin batera, " erreferentzia klasikoak eta arteko eta arkitekturako abangoardia modernoen berezkoak bateratzen ditu, bere paisaia inguruan, inguru sozial eta pertsonalean kokatu eta ezagutu ahal izan dezagun denborak eta materiaren prozesuak bereizitako eskultura".

Andaren obran bat egiten dute "eskultura abstraktuko eraikitzaile berritzaileekiko mirespenak eta klasiko handien tailla eta modelatuaren adierazkortasun eta konposizioek". Horren ondorio dira " eskultura-gorputz berean azalera desberdinak biltzea, oso egitura-logika berezia eta poetika propioa sorraraziz, zeinetan materialaren sendotasuna azalerak jasotzen duen tratamenduaren fintasunarekin konbinatzen den".

Jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera pedagogia egitaraua antolatu du Oteiza Museoak. Hura abiatzeko igande eguerdian erakusketaren ikustaldi gidatua izanen da. Anda eta Balda izanen dira erakusketan barna azalpenak emanen dituztenak.

Andaren Bakaikuko estudioa bera ezagutzeko aukera ere izanen da. Andarekin zuzenean bere Bakaikuko sorkuntza tokian egoteko aukera izanen da irailaren 23an, larunbatean. Toki kopuru mugatua da eta izena eman nahi duenak 948.332074 telefonoan edo didactica@museooteiza.org helbidean egin dezake.
Bestetik, museoak haurrendako agorrilean antolatzen dituen udalekuetan Andari eskainitako erakusketako bi alderdiri erreparatuko diote: lantegi-estudio kontzeptuan eta eskulturako formen altzarigintzarako erabileran. Azkenik, familia tailerraren bidez Andaren eskulturarako hurbilketa, lastailaren 1ean.

Argazkiak: www.museooteiza.org