Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteko kideak eta Kotxko Tabernakoak biharko antolatu duten III. Katxarro Egunerako azken ukituak prestatzen murgilduta dabiltza. Izan ere, arreko urteetako jarraipen bikainak atzera ere ibilgailu zaharren eta klasikoen topaketa antolatzera eraman ditu.
Aurreko urtean jendetza hurbildu zen Bakaikura, bertan bildutako auto, traktore, kamioi, motor, bizikleta eta mota guztietako ibilgailu klasikoak ikustera. 150 auto, 40 moto, 3 kamioi, 2 traktore eta 30 bizikleta klasiko jarri ziren ikusgai Bakaikun. Eta aurten topaketa horri eutsi nahi diote. Horrela, mota guztietako katxarroei hautsa kendu eta kalera ateratzeko deia egin dute antolatzaileek.
Goizeko 10:00etatik 13:00etara klasikoen topaketa hartuko du Bakaikuko plazak. 11:30ean parte-hartzaileei auzatea eskainiko die Udalak, eta eguerdi aldera Sakanatik barna ibilbidea eginen dute guztiek, batera. Buelta egin eta gero, elkartean bazkaltzera bilduko dira guztiak. Informaziorako: 680 825 557.