130 katxarro baino gehiago bildu ziren Bakaikun

Guaixe 2017ko urr. 10a, 12:19

Bakarrekoetxeak eta Kotxko tabernak antolatutako III. Katxarro Egunak ikusle ugari bildu zituen

Oso kontentu daude Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartekoak eta Kotxko tabernakoak, larunbatean elkarrekin antolatutako III. Katxarro Eguna guztiz arrakastatsua izan zelako. Goizetik hasita poliki-poliki Bakaikuko plazara hurbiltzen hasi ziren ibilgailu klasikoen topaketan parte hartu zutenak. Denetarik ikusi ahal zen. Antolakuntzatik adierazi digutenez, “oso ongi joan zen dena, festa egonkortzen doa. Herritarrak bere trasto eta katxarro zaharrak ateratzera animatzen dira geroz eta gehiago. Neguan bizikleta zaharrak, kotxeak… prestatzen dituzte, Katxarro egunean ateratzeko. Hori da sustatu nahi duguna, traste zaharrak gordetu, txukundu eta erakusteko zaletasun hori” adierazi digute antolakuntzatik.

Katxarro kuriosoak
Eguraldi bikaina lagun, oso animatua egon zen Bakaikuko plaza eta jende asko hurbildu zen Katxarro Egunera. Denboran atzera egiteko aukera eman zuten bertan ikusgai zeuden bizikletek, autoek, motorrek… Antolakuntzatik gaineratu dutenez, gutxi gora behera 70 auto baino gehiago, 30 bizikleta baino gehiago, 25 moto inguru, Urbitarteren kamioia, traktore zahar batzuk eta Ignacio Arbizuren gari sortak egiteko makina, “agavillador” delakoa, trilladoraren zati bat, ikusi ahal izan ziren gertutik. Horretaz gain, Razesak Indurainek 1990 edo 1991eko Tourrean aritu zen “cabra” ekarri zuen. “Katxarro oso politak zeuden. Gorka Arbizu iturmendiarrak aurten Turbo 1, Alpine bat eta R-5 Turbo bat ekarri zituen. Eta Jimmy Vazquez altsasuarrak antzineko motor ikusgarriak. Artista batzuk dira. Aurten ere Amillano altsasuarrak traktore zahar bat ekarri zuen. Eta gero, herritarrez eta sakandarrez aparte –20 parte-hartzaile inguru izango dira– Iruñea, Gasteiz, Donostia, Mendavia, Lizarra, Pradejón… txoko ezberdinetatik etorri dira parte-hartzaileak” nabarmendu zuten.

Hain zuzen ere, Pradejonetik etorritakoak lortu zuen urrutienetik etorritako katxarroaren saria. Katxarro kuriosoenaren saria Jimmy Vazquez altsasuarrak lortu zuen, bizikleta soportea zuen motor batengatik, eta katxarro zaharrenaren saria, berriz, Ignacio Arbizuren agavilladorak.  

Elkarrekin buelta bat eman ondoren, 75 partaide inguru bazkaltzera bildu ziren, Bakarrekoetxea elkartean. Oraindik ez dute balorazio ofizialik egin, baina Katxarro Egunak segida izango duelakoan daude antolatzaileak.