Andaren eskulturak Bilbon ikusgai

Guaixe 2017ko urr. 26a, 18:58

Bere azken lan intimistenak daude Vanguardia galerian hilaren 6tik azaroaren 24ra arte.

Altzuzako Oteiza museoan erakusketa bukatu ondoren Jose Ramon Andak Bilboko Vanguardia galerian du bere obra ikusgai. Bilbon duela bost urte egin zuen azken erakusketa bakaikuarrak, Arte Ederren Museoan. Oraingoa ez da hura bezain erakusketa handia, baina bere azken lan intimistenak ikusgai daude. Han erakusten ari denaren lagina joan den urteko otsaileko Art Madrid azokan eta aurtengo Logroñoko Scupto ferian ikusgai izan zen.

Vanguardia galeriako arduradunek azaldu dutenez, “Jose Ramonen ikonografia gero eta geometrikoagoak espazio pertsonaletan eta mugetan sartzen gaitu. Egokitzen diren planoen ibiltze suabe batean forma eraldatu egiten da, eta akaberarik gabeko ibilbidean aritzen dira”. Forma “sotil eta meheko” eskulturak, enborretatik erauziak; “izan ere, eskultoreak materia noble hori ezinezkora arte argaltzeko erronka du eta bere nortasun zigilu bihurtu da”. Bilbon ikusgai dauden azken lanetan   “forma sinpleen ikerketa segitzen du, laukia, hirukia eta borobila, forma eta planoen konbinazio zehatzean”. Galeria Mazarredo zumarkalearen 19an dago eta astegunetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era dago zabalik.


ARGAZKIAK: www.galeriavanguardia.com