Domekan despeditu ziren Bakaikuko elizako abesbatzaren 25. urteurreneko ospakizunak. 07:00etan 30 bat kide aurora kantatu zuten herrian barna. Eguerdian, elizan, Bakaikuko eliz abesbatzak bere kantuekin meza edertu zuen. Egun berezi horretan aurretik abesbatzako kide izan direnak eta Etxarri Aranatz eta Iturmendiko eliz-abesbatzetako kideak batu zitzaizkien. Guztira 50 bat ahots izan ziren mezan kantatu zutenak.
Elizkizunaren ondoren auzatea izan zen. Urteurrena ospatzeko bazkarian 50 bat pertsona elkartu ziren. Asteburuan abesbatzaren historia laburbiltzen zuen argazki erakusketa ikusteko aukera izan zen. Larunbatean, urteurren ospakizunak hasteko, Paz de Ziganda eta Etxarri Aranazko abesbatzen kontzertua izan zen. Akaberan bi abesbatzetako eta Bakaikuko elizako abesbatzetako kideek Maitia nun zira eskaini zuten. Eliza beteta zegoen. Ondoren elkartera joan ziren abesbatzetako kideak, guztiendako auzatea prest baitzegoen. Eta elkarrekin, giro onean, ordu txikiak arte kantuan izan ziren.
Historia, labur
Aurretik bazen beste abesbatza bat baina Javier Azpirotz apaizak animatuta 1992an bakaikuar taldea entseatzen hasi eta ahots teknika hobetzen hasi zen. Elizkizun eta hiletez aparte, hurrengo hitzordua musikarien egunean izanen dute, azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean. Iturmendikoarekin batera aritzen dira etaurtetik urtera txandakatu egiten dute kantatzen duten herria. Eliz kantak errepertorioan nagusi badira ere, festetan euskal kantuen emanaldia egiten dute. Nafarroako auroroen topaketa egunean parte hartzen dute. Betelukoekin batera, bakaikuarrak dira han euskaraz kantatzen duten bakarrak. Abesbatzatik 25 urte hauetan 50 bat pertsona pasa dira. Gaur egun Bakaikuko elizako abesbatzak 20 bat kide ditu eta Osane Leitzaren zuzendaritzapean aritzen da. Ostegunean, 21:30ean, elkartzen dira entseatzera.
Irudietan abesbatzako kideak domeka goizeko aurora kantatzen. Argazkiak: utzitakoak.