Zuazorekin Sakanako batuaz

Guaixe 2017ko abe. 16a, 10:49

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua Sakanako batuaren ezaugarriak ezagutarazteko saio pare bat antolatu ditu, horien artean daude fonologia, morfologia, sintaxia eta lexikoa. Euskal filologian doktore den Koldo Zuazo hizkuntzalaria izanen da saioak emanen dituena. Berak esana da: “herri edo eskualde jakin bateko eskola, administrazio erakunde, hedabide, eta era guztietako ohar, mezu eta iragarkietan hiztunen gertuko hizkera erabiltzea litzateke zentzuzkoena”.

Horregatik, “bertako hiztunei zuzendutako ahozko eta izkribuzko jardunetan, bertako hitzak, esapideak eta bereizgarri fonologiko, morfologiko eta sintaktikoak kontuan hartzea” bultzatu asmoz antolatu du Euskara Zerbitzuak Sakana batua formazio saioa. Ibarreko hizkuntza estandar horri buruzko saioak irakasleei, hezitzaileei eta interesa duen edonori zuzenduta dago. Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikariak jakinarazi digunez, hizkuntzaren gaineko gogoeta egitea da ikastaroaren helburu nagusia.

Datak eta izen ematea
Sakana batua prestakuntza saioak ilbeltzaren 24an eta 31n, asteazkenean, izanen da, 15:00etatik 16:30era, Mank-en Lakuntzako egoitzan. Izen ematea ilbeltzaren 17ko 12:00ak arte egin daiteke, Mank-eko Euskara Zerbitzura joz: 948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus. Doakoa da.