Aurtengo kinto bakaikuarrak bi dira eta biek Unai izena dute. Batak Pozueta eta besteak Kintana dute abizena. Baina kinto segizioa ez dute biek osatuko, haiekin batera hiru kinto zahar eta hiru kinto gazte ibiliko dira. Bederatzikote bat. Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera elkartuko dira. Joan den urtetik gordetako diruarekin pagatuko dituzte haiek egindako bazkari-afariak. Bi otorduen artean poteoan ibiliko dira kintoak. Eta gauean parranda eginen dute, baina herrian edo Altsasun izanen den, momentuan erabakiko dute.
Larunbatean, hori bai, 10:00etarako kalean egon beharko dute. Kinto festak ordaintzeko diru-eskean ibiliko dira guztiak herrian barna, ateetan joz eta gurutzatzen dituzten herritarrei eta autoetako gidariei dirua eskatuz. Egiteko horretan trikitilaria eta pandero-jolea lagun izanen dituzte. Eta jasotakoagatik esker ona azaltzeko gazta edo txistorra eskainiko dituzte.
Egitekoa 13:30ean despedituko da. Bai aurtengo kintoak bai kinto zahar mordo bat autobusean sartu eta sagardotegi batera bazkaltzera joanen dira. Iluntzean bueltatuko dira handik eta parranda Altsasun segituko dute. Ihote ospakizunak despeditzeko bederatziak Bakarrekoetxea elkartean afaltzera elkartuko dira.