Aurten Sakanako azken ihoteak izanen dira Bakaikuko herri ihoteak. Ohi bezala, Bakaikuko Gazte Asanbaldak antolatutako ospakizuna Bakarrekoetxea elkartean eginen den alubi-janarekin hasiko da, 14:30ean. Majo bazkaldu eta gero, gazteak kamarro bihurtzeko prozesua hasiko da. Arpilerako zakuak gorputzean, aurpegia estaltzeko zapi, maskara edo dena delakoak eta buruan txano edo zapi sinpleenetik abelburuen hezurdurak arte, denetarik eramanen dute.
Pertsonaia horiek kamarroak dira eta elkartearen atean 18:00ak aldera agertuko dira. Askok eta askok eskuan zigorra izanen dute. Parean suertatzen dena berotzeko. Bakarren batek suko-hautsez betetako pertza eramanen du, nahi bezala zabaltzeko. Besteek kateak edota golda eramanen dute. Elkartetik, aurrena, trenbide aldera joko du ihote segizioan, etxez etxeko errondan. Errondan, han goitik, han beheitik ibili eta gero, 20:00ak aldera, suaren bueltan dantza eginen dute. Festa Reimy dj-ak 22:30etik aurrera jarritako musikarekin segituko du.