June Kintana, Espainiako atleta onenaren hautagaitzan

Guaixe 2018ko mar. 20a, 15:03

Espainiako Atletismo Federazioak 2017ko atleta onenak aukeratzeko zerrendan dago disko jaurtitzaile bakaikuarra. 23 urtez azpiko onenen artean proposatu dute eta bere alde bozka egin daiteke

Espainiako Atletismo Federazioak 2017ko atleta eta entrenatzaile onenak izendatu nahi ditu. Horretarako lehiaketa antolatu du eta web gunean bertan egin daiteke aukeraketa. 23 urtez azpiko emakumezko atleta onena aukeratzeko proposamenen artean dago June Kintana disko jaurtitzaile bakaikuarra. “Berri frexkoak!!! A ze poza 2017ko 23 urtez azpiko atleta neska hoberenen artean izendatua nagoela ohartu naizenean!” adierazi du bakaikuarrak sare sozialetan.

Ibilbide oparoa darama Leonen ikasketak egin eta bertako atletismo zentroan trebatzen ari den June Kintanak. Tartean, Europako 23 urtez azpiko Txapelketako disko jaurtiketan laugarrena sailkatu zen bakaikuarra. Aurten, hilabete hasieran Badajozko Montijon jokatutako txapelketan Espainiako disko jaurtitzaile txapelduna izan zen, 50.13 metroko jaurtiketarekin.

June Kintanarekin batera, Fatima Diame –Europako 23 urtez azpiko Txapelketan bosgarrena jauzi hirukoitzan–, Cristina Lara – Europako 23 urtez azpiko Txapelketan 4x100 metrotan txapelduna– eta Maria Perez –Europako 23 urtez azpiko Txapelketan martxako txapeldunordea– daude 23 urtez azpiko atleta emakumezko onenen hautagaien zerrendan.

Bozak emateko
Atleta onenak aukeratzeko bozka eman behar da, Espainiako Atletismo Federazioak prestatutako ondoko helbidean. Bertan sartu eta bere aldeko boza emateko gonbita egin du June Kintanak. “Animatu eta bozkatu behean utzi dizuetan link-ean” gaineratu du bakaikuarrak. Hauxe da linka: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSd8FB1xwiECFs5RaZS6TYpnM4UqX-gpcMnrcw7A39oubYwG5w/viewform
Bozketan pate hartu ahal izateko, bertan eskatzen diren datuak betetzea derrigorrezkoa da: izena-abizenak, helbidea, lizentzia zenbakia, eta lizentzia ez dutenen kasuan Nortasun Agiri Nazionala.
Martxoaren 20ra arte eman ahalko da boza.