Independentistak Sareak bultzatu, eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak antolatuta, Independentzia Eguna ospatu zen Larrabetzun igandean. Egun osoko egitaraua prestatu zuten hausnarketa politiko eta soziala, aldarrikapena eta jai giroa uztartuz. Guztia, burujabe hobe lelopean.
Bakaikuk eta beste lau udalek Euskal Herriaren independentziaren aldekoak deklaratu dituzte euren udalerriak. Horregatik, udal guztietako ordezkariek onartu duten mozioa aurkeztu zuten eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerriak direla berretsi zuten. Ekitaldian ere presente izan zen Etxarri Aranazko alkatea.
Sareko bozeramaile Txutxi Ariznabarretak esan zuenez, “menpekotasunetik askatasunera salto egiteko ordua da”. Euskal estatua eraikitzeko prozesua zabaltzeko deia egin zuen. Eta gaineratu zuen demokrazian, justizia sozialean, euskaraz eta aniztasunean eraikitako Euskal Herri bat independentziatik etorriko dela. Eudald Calvok, Kataluniako Udalerri Independentisten elkarteko kideak, udal bakoitzean estatuari fronte bat zabaltzearen alde egin zuen.