Bakaikun jokatuko da XIV. Aitzkozar herri lasterketa

Guaixe 2018ko mai. 25a, 14:13

Bihar, larunbatean, 17:00etan kategoria txikiko probak hasiko dira eta 18:30ean, proba nagusia (8,1 km)

Ziordiko herri krosari lekukoa hartuta, bihar XIV. Aitzkozar herri lasterketa jokatuko da, Iturmendiko Aitzkozar eta Bakaikuko Bakarretxoea elkarteek antolatutakoa, Dantzaleku Sakanaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. Aurreko urtean Iturmendi izan zen abiapuntu eta helmuga, eta, hortaz, aurten Bakaikun burutuko da proba.

Lehenik eta behin txikienen probak jokatuko dira. 17:00etan hasita, aurrebenjaminak (450 m), benjaminak (560 m), kimuak (800 m), haurrak (1.600 m) eta kadeteak (2.400 m) Bakaikun prestatutako ibilbideetan lehiatuko dira. Ondoren, 18:30ean, jubenilen eta nagusien txanda helduko da, orduan abiatuko baita proba nagusia. Ibilbidea betikoa izango da. Iturmendi eta Bakaiku artean prestatutako zirkuituari bi buelta emanda, guztira 8,1 km osatuko dituzte korrikalariek. Jubenilek zirkuituari buelta bat emango diote (4.05 km). Bakaikuko lasterketa Sakanako Kopa-Lasa Kirolak sarirako puntuagarria den bigarren proba da. Proban sailkatzen diren lehen sakandarrak, gizonezkoak eta emakumezkoak, puntuatuko dute.

Ibilbide gorabeheratsua osatu eta gero, sari ematea izango da. Partaide guztiek oroigarria jasoko dute eta lehendabiziko hirurek trofeoa. Eta, jakina, auzatea egongo da bildutako guztiendako.

Aurreko urtean guztira 145 korrikalarik hartu zuten parte XIV. Aitzkozar herri lasterketan, 75 kategoria txikietan eta 70 proba nagusian. Azken honetan Javier Cabezón (29:54) eta Mari Sol Aspurz (38:49) iruindarrak gailendu ziren, Raul Audikana olaztiarraren (30:12) eta Ginesa Lopezen (39:02) aurretik.

Izena emateko
Bakaikuko Bakarreko Etxea elkartean, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago edo 948 562 034 edo 606 398 802 telefonoetan. Helduek 5 euro eta haurrek dohainik.