Asteburuan Espainiako Atletismo Txapelketak jokatu dira Getafen. Atleta nafarrak bikain aritu dira eta 8 domina ekarri dituzte guztira. Tartean dago June Kintana disko jaurtitzaile bakaikuarrak ekarritako zilarrezkoa, eta honi Nico Quijerak, Adrian Vallesek, Sergio Fernandezek eta Maitane Melerok lortutako urreak, Izasku Turrillasen eta Manu Quijeraren zilarrezkoak eta Miren Bartolomeren brontzezkoa gehitu behar zaizkio. Nafarroako atletismoa goi-goian dago berriro.
Zentimetro eskas bateko aldea
Espainiako Disko Txapelketan lehiatu zen June Kintana (Grupompleo Pamplona Atletico), eta finalerako sailkatu zen 23 urteko bakaikuarra, Leonen bere entrenamendu kidea den 32 urteko Sabina Asenjorekin (Futbol Club Barcelona) eta Mar Morantekin (Atletico Safor-Delikia Sports) batera. Asenjok eta Kintanak oso lehia estua izan zuten, eta finalean zentimetro eskas batek erabaki zuen txapelduna. Horrela, Sabina Asenjo gailendu zen (55.99 m), June Kintanari zentimetro eskas bat aterata (55.98 m). Mar Morantek 4 metro gutxiago jaurtiki zuen diskoa (51.69 m).
Zenbaki eta palmares ederra pilatzen ari da bakaikuarra, Espainiako Aire Zabaleko Txapelketetan lau domina baititu. Azken lau edizioetan bi zilarrezko eta bi brontzezko lortu ditu. Junek 23 urte ditu eta progresioa egiteko tarte nahikoa, Asenjok 32 urte dituela kontuan hartuta. Beste behin, txapeldun handia dela erakutsi du.