Etxajua Altsasuko auzipetuekin elkartasunez

Guaixe 2018ko uzt. 26a, 14:23

Miren Olea bakaikuarrak piztu zuen herriko festei hasiera ematen zien etxajua atzo. Keinu horrekin Bakaikuko herriak elkartasuna adierazi zion Altsasuko auzian auzipetutako gazteetako baten amari, Iñakirenari. Olearen aldamenean Javier senarra eta Jeru ahizpa izan zituen. Beste auzipetu baten ama bakaikuarra da ere, Ana Larraza, baina lan kontuengatik ezin izan zuen parte hartu.

Festetan ohi bezala, udaletxeak erakusketak hartu ditu. Aurten hiru dira. Alde batetik, Aitor Ondarra Navarrok forjatutako burdina piezen erakusketa jarri da ikusgai. Izurdiagako forjaren interpretazio zentroan trebatu da eta han egindako lanak dira ikusgai daudenak. Horrekin batera, antzinako forja tresneria ere dago ikusgai. Bestetik, Jose Angel Galartzak egindako Bakaikuko etxeen maketak ikus daitezke. Azkenik, festetako kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa dago ikusgai.