Aizkora erronka hartuko du Bakaikuk

Guaixe 2018ko uzt. 26a, 15:11
Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza elkarren kontra aritu ziren Sakanako Herri Kirol Jardunaldian.

Larretxeak eta Beltzak Erdozia eta Azpilikueta izango dituzte aurkari, igandean, 19:00etan, Bakaikuko plazan

Bakaikuko festetan kirolak ez du hutsik egingo. Iganderako, esaterako, aizkora erronka polita antolatu dute. Batetik Goizeder Beltza etxarriarrak Larretxearekin osatuko du bikoa. Eta, bestetik, Juanjo Erdozia etxarriarrak Lopez Azpilikueta izango du bidaide. Bi bikoteen arteko norgehiagoka oso lehiatua izango denik ez du inork zalantzan jartzen, eta ikuskizun politaz gozatzeko aukera izango da Bakaikun.

Bihar pilota partidak
Baina aizkoraren aurretik herri kirolek eta pilotak izango dute nagusitasuna Bakaikun. Bihar, ostiral eguerdian, 12:30ean, Bakaikuko haur eta gaztetxoen arteko herri kirolak jokatuko dira plazan. Ondoren, arratsaldean, 17:00etatik aurrera, haurren, jubenilen eta seniorren arteko pilota partidak jokatuko dira Iturrarte pilotalekuan. Haurren mailan, Enaitz Begiristainek eta Ekhi Leitzak Aritz Urrestarazu eta Unai Zelaia izango dituzte aurkari. Jubenilen mailan, aldiz, Ansotegik eta Lazkozek Otxoaren eta Arañaren kontra jokatuko dute. Bukatzeko, seniorren puntako partida iragarri da: Mata eta Cordonen kontra ariko dira Ansa eta Arbizu.

Seniorren partidako pilotariak aintzat hartuta, Unai Matak 19 urte ditu, Mendillorrikoa da eta aurten GRAVNI txapelduna izan da Nafarroarekin. Pablo Cordon iruindarrak 18 urte ditu eta Nafarroa eta Euskal Herriko bikotekako txapeldunordea izan da aurten. Bestetik, Asier Ansa altsasuarrak 23 urte ditu eta 2017an Gartzarongo bikotekako txapelduna izan zen eta 19 urteko Aaron Arbizu gazte etxarriarra Nafarroako eta Euskal Herriko bikotekako txapelduna eta Irurtzungo bikotekako txapeldunordea izan da aurten.