Iraolaren Basket Navarra taldearen aurkezpena

Guaixe 2018ko urr. 11a, 15:38

Zilarrezko Ligan dabil Basket Navarra eta igandean 3. jardunaldia jokatuko dute, Gijonen. Pello Iraola Rodriguez altsasuarra bertan ariko da

Aurreko ostiralean 2018/2019 denboraldiko Basket Navarra Club taldearen aurkezpena egin zuten. Xabi Jimenez entrenatzailearen eta Oihane Ciruelos entrenatzaile laguntzailearen esanetara 13 jokalari ariko dira eta helburua argia da: Urrezko mailara igotzea. Horretarako Zilarrezko ligan denboraldi bikaina egin beharko dute. Helburu hori gauzatzen laguntzeko Dusan Sisic jokalari serbiarra fitxatu du taldeak (2.06 m), Suediako kategoria gorenean dabilen Nassjo Basket taldetik datorren barne-jokalaria, primerako denboraldia egin eta gero.

13 jokalari horien artean altsasuar bat dugu, Pello Iraola Rodriguez (200-06-16). Altsasuko CBASK taldean trebatua, bertatik egin du salto Basket Navarrara eta aurten debutatuko du bertan. 1.92 m ditu eta eskolta postuan jokatzen du.

Aurten Arrosadian jokatuko ditu partidak Basket Navarra Club taldeak. Ligako 2 jardunaldi jokatuta, lehenean Igualatorio Cantabria Estella taldeari 59 eta 73 irabazi zioten, baina asteazkenean jokatutako 2. jardunaldiko partida lehiatuan, Basket Navarra 80 eta 83 hartu zuen mendean Zornotza taldeak. 3. jardunaldia igandean jokatuko dute Gijonen, Circulo Gijón taldearen kontra.

Garazi Misiego Ardoiko entrenatzaile-laguntzailea
Asteazkenean Emakumezkoen Liga 2 mailan ariko den Ardoi Oses Construccion taldearen aurkezpena izan zen. Nafarroan emakumezkoen talde onena da Ardoi. 12 jokalari ditu eta Aitor Alonso da entrenatzailea, baina honek bere alboan Garazi Misiego altsasuarra du entrenatzaile-laguntzaile lanetan. Taldearen helburua mailari eustea da. "Ilusiotik, esfortzutik eta sakrifiziotik jaiotako proiektua da gurea, eta taldeak dena emango du" adierazi zuen Misiegok.
Ongi hasi dute denboraldia, Lima-Hortari 61 eta 65 irabazi zioten Bartzelonan, eta bihar, larunbatean, Zizurren (19:45) Inmobiliaria Victor Antuña dute aurkari.