Katxarroekin Bakaikura

Guaixe 2018ko urr. 12a, 14:00

Bihar, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera mota guztietako ibilgailuak, auto klasikoak, bizikletak, motorrak eta beste ikusteko aukera izango da Bakaikun. 12:00etan irteera egingo dute eta, ondoren, bazkari herrikoia

Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak antolatuta, aurten IV. Katxarro Eguna ospatuko da Bakaikun. Bihar izanen da, urriaren 13an, larunbatarekin, goizeko 10:00etatik aurrera. Lehenxeago, goizeko 9:00etan hasiko dira auto klasikoak, garai bateko bizikletak, motorrak, traktoreak, kamioiak eta mota guztietako tramankuluak iristen. Txukun txukun Bakaikuko plazan eta inguruetan aparkatu eta garai bateko traste edo katxarro zahar horiek gertutik ikusteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. Eta ziur asko izango direla, izan ere, ibilgailu klasikoen munduak izugarri erakartzen du. Nork ez ditu gogoratzen garai bateko Seat 600ak, Miniak, Alpineak eta beste? Oroitzapenak freskatzeko edo aspaldikoa ezagutzeko aukera dago Bakaikun.

Aurreko urtean, eguraldia lagun, jende asko hurbildu zen eta oso animatua egon zen eguna. 70 auto baino gehiago, 30 bizikleta baino gehiago, 25 moto inguru, Urbitarteren kamioia, traktore zahar batzuk eta Ignacio Arbizuren gari sortak egiteko makina, “agavillador” delakoa, trilladoraren zati bat, ikusi ahal izan ziren gertutik. Horretaz gain, Razesak Indurainek 1990 edo 1991eko Tourrean aritu zen “cabra” ekarri zuen. Katxarro bikainak guztiak.

Beti dago nobedaderen bat
Aurten ere parte-hartze polita espero dute, 80 parte-hartzaile inguruk eman baitute izena. Ohiko ibilgailuez gain, nobedade moduan karabana bat etorriko dela adierazi digute antolatzaileek. “Aurreko urtean auto bat ekarri zuen batek esan digu aurten karabana bat ekarriko duela, aspaldiko karabana, lehendabizikoetako bat. Ziur bitxia izango dela. Eta Ignacio Arbizuk ere ekarriko du bitxikeriaren bat, garai bateko enpaketadora edo halakoren bat. Urtero harribitxi ezberdinak ikusteko aukera dago” adierazi du Anartz Larrañaga antolatzaileetako batek.

Bakaikura doazenak katxarroen artean gustura dabiltzan bitartean, antolakuntzak hamaiketako ederra prestatuko die topaketara euren katxarroak eramango dituzten guztiei. Eguerdia pasata, euren ibilgailu klasikoetan igo eta Sakanan barna buelta txiki bat egingo dute, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, San Pedro, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku artean (15 km). Eta festa borobiltzeko bazkaria izanen da elkartean. Antolakuntzak Katxarro Zaharrena eta Katxarro gehien ekarri dituen kluba sarituko ditu.

Velosolex motor baten zozketa
Antolatzaileek Velosolex motor bat zozketatuko dute Katxarroen Egunean, 12:00etan. “Eibarren egiten ziren motor hauek. Motorra aurreko gurpilean dute, eta horregatik ez da karnet berezirik behar gidatzeko. Aurreko batean ere zozketatu genuen halako bat eta arrakasta handia izan zuenez, beste hau bilatu dugu. Txartelak salgai daude, 2 eurotan” adierazi digute.