Bakaiku, katxarroz gainezka

Guaixe 2018ko urr. 16a, 12:55

Bakarrekoetxea elkarteak antolatutako IV. Katxarro Egunean 100 parte-hartzaile baino gehiagok hartu zuten parte. Fermin Paularenaren furgonetak edo food-truckak Katxarro berezienaren saria lortu zuen eta Clasicos San Ferminek jaso zuen Katxarro gehien ekarri zituen klubaren saria

Eguraldia lagun, arrakastatsua izan zen Bakarrekoetxea elkarteak antolatutako IV. Katxarro Eguna. 100 parte-hartzaile inguru bildu ziren Bakaikuko plazan eta motorrari lotutako euren altxorrak ikusgai jarri zituzten: autoak, motorrak, bizikletak, kamioiak… denetatik zegoen. Eta haiek ikustera jende asko hurbildu zen; horrela, eguerdia baino lehen giro bikaina zegoen Bakaikun.

Ohiko Seat600, Mini, Citroen 2 zaldi, Alpine… eta abarren artean, nobedadeak ekarri zituen aurtengo Katxarro Egunak. Tartean, Fermin Paularenaren furgoneta edo food-trucka zegoen. Izan ere Erro gainean mitikoa da Paularenaren furgoneta; negu zein udan bertan egoten da Paularena, jakiak saltzeko bere furgoneta barruan, eta bertatik pasatzen diren erromesek, txirrindulariek eta mendizaleek geldialdia egiten dute, kafea, edariren bat edo gozoren bat jateko. Paularenaren food-truckak ikusmin handia piztu zuen eta berarendako izan zen Katxarro eguneko sari bat, Katxarro bitxienaren saria hain zuzen ere.

Ignacio Arbizu iturmendiarrak ez zuen huts egin eta bi harribitxi eman zituen Bakaikura: garai bateko enpaketadora manuala, 70 urtetik gora izango zuena. Horretaz gain, 100 urte inguruko motorra eraman zuen, motor estatikoa, aroztegi batekoa zena. Bestalde, Clasicos San Fermin klubak jaso zuen Katxarro Eguneko beste saria, katxarro gehien eraman zituen klubarena.

Velosolex motorra Olaztira
Eguerdian, Bakarrekoetxea elkarteak Velosolex motorra zozketatu zuen, motorra aurreko gurpilean duen motor berezia. Motorra zozketatzeko txartel guztiak salduak zeudela, zozketa egin eta Olaztiko Iñaki Gastaminza izan zen zorteduna. Ondoren, ibilgailu guztiak martxan jarri eta Altsasu-Urdiaingo San Pedrora egin zuten joan etorria, giro bikainean. Eta festa behar bezala bukatzeko, Bakarrekoetxea elkartean 100 pertsona inguru bildu zen bazkaltzera. Beste behin, arrakastatsua izan zen Katxarro Eguna.