Hirimendin arkeologia aztarnarik ez

Guaixe 2018ko aza. 24a, 12:40

Arantzadi zientzia elkarteko kideak azaroaren 5ean izan ziren indusketak egiten eta ez zuten Burdin Aroko kastroaren arrastorik opatu.

Juan Mari Martinez Txoperena ilbeltzean Nafarroako Lurralde Zerbitzua web orrian 1945eko argazkia begira zegoela topo egin zuen adituaren begira bereizgarria zen zerbaitekin. Bakaikuko Udalak antolatuta, Martinezek hitzaldia eman zuen apirilaren 6an. Hirimendi dermioan izandako Burdin Aroko kastro handi baten ebidentzien berri eman zuen gainezka zegoen elkartean. Hitzaldiaren ondoren Bakaiku hego mendebaldera dagoen dermiora joan ziren, San Benito ermita baino beherago, eta han Martinezek azalpenak eman zituen. Gaiak herrian jakin-mina piztu zuen. Azaroaren 5ean, astelehenean, beste arkeologo bat bueltatu zen Hirimendiko dermiora, Arantzadi zientzia elkarteko Mattin Aiestaran. Hego-haizearekin eta euriarekin lan egin zuen, pala baten laguntzaz.

Mattin Aiestaran
Arantzadi zientzia elkarteko arkeologoa

Zeinek aginduta egin zenituzten katak edo lagin hartzeak?
Nafarroako Gobernuko arkeologia sailak agindu zigun lana nola egin eta non induskatu ere.

Aurretik Hirimendin zer dagoen ikusteko bestelako ikerketak egin dira?
Aranzadi zientzia elkarteko ikerlari den Juan Mari Martinez Txoperena aritu zen toki hura miatzen. Halako arkeologia-toki batean landa-lanaren lehen pausoa da tokira joan eta topografia ikusi, landaretza ikusi, ea belarra zein kolorekoa den, lur-sailak nolakoak diren eta abar. Ordenagailuan Nafarroako Gobernuak berak Interneten dituen garai desberdinetako aire-argazkiak ikustea. Badira nahikoa eskuragarri dauden beste teknologia batzuk ere aukera ematen dutenak landaretza kendu eta topografia itzaletan eta abar ikustea. Beste hainbat kasuetan bezala, Martinezek gaztigatu zigun han aztarnaren bat egon zitekeela. Toponimia ere lagungarri zuen. Beti dira hasierako hipotesi horiek. Gertatu zaigu halako tokietara joatea eta sekulako sorpresak hartzea. Eta besteetan tokatu zaigu triste antza etxera bueltatu beharra.
 
Eta kasu honetan zer, pozik edo triste?
Guk hor zerbait itzela azaltzea nahi genuen. Baina emaitzak ez dira batere onak izan. Gaztigatu ziguten zenbait herritarrek, baita Martinez berak ere, Sakanako Autobia (A-10) egiteko hor hondeatzeko-makinak sartu zirela eta, ziurrenik, eremu hori nahikoa mugituta egon zitekeela. Hori da ikusi ahal izan duguna.

Kastroaren arrastoak, beraz, begi bistakoak bai, baina lurpean ezer ez?
Topografian irregulartasun moduko batzuk ikusten dira. Hori paisaian naturalki gertatu daitezkeen irregulartasunak dira. Baina beti behar da, lehenik, halako irregulartasunak aurkitu eta gero zulatu. Zulatu gabe ez dago jakiterik inoiz lur azpian zer dagoen. Badira garatu diren zenbait teknologia. Badugu ikerlari bat horretan oso prestua dena: Ekhiñe Garcia. Geofisikaren aplikazioa arkeologia-aztarnategietan, horri buruzko tesia egin zuen. Horrek ahalbidetzen du lur azpian zein dentsitate edo eremu magnetiko desberdin dauden ikustea eta, horrela, lur azaletik bertatik mapa bat sor daiteke, ezer induskatu gabe. Baina hori beti begiratu behar da irregulartasun horiek naturalak diren edo naturaren aztarna diren.

Zuen ondorioa da?
Lehenik eta behin, ez dugu esaterik ezer badagoela. Atera diren emaitzekin kastrorik edo gotortutako herrixkarik izan zenik ezin dugu esan. Beste gauza bat da toponimia hor dagoela, Hirimendi.  Eremua ere nahikoa estrategikoa dela, ibarraren erdialdean kokatuta, nahiko behealdean, baina betidanik bide natural oso garrantzitsua izan dena kontrolatuz. Baina egin ditugun lanetan behintzat, aztarnarik ez zaigu atera.

Halakoetan Nafarroako Gobernuak babes neurriren bat edo izendapenen bat ematen die halako tokiei?
Nik hor egin ditugun lanak zehazki azalduz txostena egin beharko dut lehenik, ekintzak zein diren eta emaitzak zein diren azalduz. Gero Nafarroako Gobernuari dagokio horren inguruko erabakia hartzea eta eman beharko balu, babesa ematea. Horiek, jada, arkeologo-teknikarien irizpideak dira. Hor beste gauza bat sartzen da eta guk ez genuke inolako eskumenik.

Kastroa gora, kastroa bera, baina, labur azaltzerik zer den?
Gotortutako herrixka bat da. Hauek, nagusiki, Burdin Aroari lotzen zaizkion herrixkak dira. Burdin Aroa Euskal Herrian kokatzen da Kristo aurreko lehen milurtekoan, gutxi gorabehera. Tokiaren arabera gradualagoa da. Gunearen arabera aurkikuntzen dentsitate handiagoa du. Hori da, gutxi gorabehera kronologia. Kastroa da Burdin Aroko aire zabaleko bizilekuen tipologia ezagunena eta gehien izaten zena. Horrek ez du esan nahi ez zituztenik, gaur egun bezala, baserririk edo mendietako auzoak. Aralarren eta Urbasan, esaterako, ikusten da. Txabolak bazituzten. Goian larretako artzaintza egiten zuten. Horrek mendietan populaketari beste itxura bat ematen dio. Baina, aldi berean, erdigune zentralak bazituzten. Horiek kastroak ziren. Normalki, harresiz inguratutako herrixka txikiak izaten ziren.  

Zein bizi zen kastroetan?
Halakoetan sartzea nahikoa konplikatua da. Batetik, idatzizko iturri oso gutxi ditugulako. Eta ditugun apurrak erromatar egileenak dira. Eta egile horiek mende desberdinetan idatzi zuten eta ez dakigu jende beraz ari ote diren. Horri gehitu behar zaio beraiek lur eremuaz zuten jabetza. Ez dakigu zein puntutaraino kontrolatzen zuten noraino bizi zen herri konkretu bat, mugak finkoak ote ziren… Hor badira galdera gehiago erantzunak baino. Arkeologook iturri materialak erabiltzen ditugu. Idatzitako iturriei kasu egin behar zaie, jakina. Iragana ezagutzeko beste iturri bat dira. Baina guk materialei begiratzen diegu eta haiei begiratuta ikusten dena da Euskal Herri osoan, eta inguruetan ere, mendi inguruko bizimodua oso antzekoa zela. Beraien burua nola sentitzen zuten, nola imajinatzen zuten, edo haien artean nola deitzen ziren. Hori beste kontu bat da. Arkeologiak hor sartzeko arazo gehiago ditu. Ez da erraza. Oso aurkikuntza bereziak azaldu behar dute. Eta, noski, lehendabizi ikertu beharra dago. Ikertzea denbora eta suertea eskatzen duen lan bat da. Hori da panorama. Batzuek diote hor Barduliarren edo Karistiarren muga hor hasiko litzatekeela. Beste batzuek diote Baskoien eremua dela. Beti da Burdin Aroko azken mende horietako erromatar idatzi horien inguruko interpretazioen eztabaida.

Historiaren garai ilun hori noizbait argituko da.
Bai. Gu sentsazio gazi-gozoarekin bueltatu ginen etxera. Gazia emaitzak direnak direlako. Lurraren irregulartasun horiek geologikoak diruditelako eta arkeologia-emaitzak lortu ez ditugulako. Eta gozoa bakaikuarrek (lur-jabeek, udaleko kideek eta herritarrek) laguntzeko erakutsitako prestutasunagatik. Eskerrik asko. Eskertu ere Martinezi eta berarekin batera lanean aritzen direnei, urteetako miaketa lan gogorragatik. Beste batzuetan emaitza onak eman izan dituelako, eta emanen dituelako. Funtsean, lan honen balioa lehen aipatutako metodologia osoaren aplikazioan oinarrituta dagoelako. Nafarroako mendialdean Burdin Aroari dagokionez egiteko asko dago. Nafarroako Gobernuko arkeologia saileko teknikariei ere eskerrak eman nahi dizkiet, aholkuengatik eta laguntzeko prestutasunagatik.


Sakanako Autobia eta arkeologia
Ibarra zeharkatzen duen autobiaren lehen zatia, Etxarren eta Irañeta, 1993ko otsailaren 23an mustu zuten. Bigarren zatia, Irañeta eta Lakuntza artekoa, 1993ko garagarrilaren 24an. Duela 25 urte, beraz. Altsasu bitarteko beste bi zatietan lanean zeuden 1993an. Eta lan horietarako materiala atera zuten Hirimenditik, “denbora luzez”, hitzaldian egon zen entzule batek esan zuenez. “Bada, bai edo bai, arkeologia-arrastoak zeudela jabetu behar zuten” esan zuen Martinezek. Apirilaren 6an Hirimendira egindako bisitan herritarrek esan zutenez, han bizpahiru metro sakonera arte atera zuten lurra. Zulaketa obalatua izan zela eta perimetroa ez zutela ukitu esan zuen Martinezek.

Baina Hirimendikoa ez zen kasu bakarra izan. Unanuko San Buenabenturako ermita dermioan, Beriaingo malkorraren magalean, autobia egiteko kaskailua ateratzeko harrobia egin zuten. Rafael Carasatorre Vidaurrek Barranca-Burunda liburuan (Ondatz sarreran) azaldu zuenez, “ulergaitza bada ere, suntsitu egin zen, horretarako beharrik ez bazegoen ere. Kaskailua ateratzen zen bitartean ederki asko egin zitekeen arkeologia-indusketa”.

Carasatorrek liburuan azaldu zuenez, “Ondazkoa Erdi Aroko despopulatu koxkor baten eskema ikertzeko aukera onena zen. Etxeei zegozkien harri-pilaketak ukitu gabe zeuden; erraz asko berregin zitekeen neurriak eta batetik besterako eta eraikin osagarriekiko distantziak ikusteko. Oso aspaldiko kokalekua zen”. San Buenabenturari eskainitako eliza, ermita, 1968 aldera erori zen. Irudiak Unanura pasatu ziren. Disko-formako estelak zeuden agerian eta denak desagertu ziren. Hilerri handia zuen, ermitaren hego-ekialdera 70 metrora lurperatzeak zeuden, ermitaren pareta ondoan ere.  Carasatorrek gaztigatu duenez, batzuk 2,5 metroko sakoneran ere eta oso ongi kontserbatuak. Martinezek Bakaikuko hitzaldian esan zuenez, “herri-lanekin ia beti izan dugun arazoa da hori. Haiendako arazo bat da. Baina arkeologia-jarraipen zehatzik ez badago, gertatzen da”.

Kastroa
Gotortutako herri edo herrixkak izan ziren kastroak, harresiz babestutakoak. Euskaraz iri, iru, muru edo gaztelu hitzekin izendatzen dira halakoak. Gotortutako herri horietako asko Brontze Aroan sortu zituzten. Txoperenak azaldu zuenez, “klimagatik garai latza izan zen hura. Tenperatura jaitsi zen, Europa iparraldean uztak galdu eta azienda hil zen eta, ondorioz, zelta kulturako jendeak lur hobeen bila hegoalderantz migratu zuten”. Gaur egun errefuxiatuek bizi duten egoeraren antzekoa dela gaztigatu zuen.

Arkeologoak argitu zuenez, “ordurako zeltek teknologia garatua zuten. Metalurgia, arma onak, defentsa onak. Gainera herri gerlaria ziren. Zeltak, eta bertakoak, jabetu ziren harrapaketaz lasai asko bizi zitezkeela, lurrak landu gabe ez ezer. Erromatarrak iritsi arte Europa guztian kultura hori ezarri zen. Hori erromatar kulturaren antitesia zen, horregatik herri horiei barbaro hots egiten zieten”.

Hirimendiko kastroaren hegoaldera iturria dago eta horrek kastroaren ur beharra aseko luke. Bestela, ur biltegia eginen zuten. Ura ziurtatu eta gero segurtasuna bilatzen zuten. Herrixkaren inguruan lubakia egiten zuten 5-6 metro sakonerakoa, pareta bertikalekoak erraz ez pasatzeko modukoa “Jaisteko eta igotzeko eskailera bana behar zen”. Txoperenak azaldu zuenez, defentsa lubaki horiek kastrorako sarbidea ziren. Erasotzaileak ere handik sartu beharko lukete. Harresiak sinpleak zirela argitu zuen. Harresira ez hurbiltzeko lurrean iltzatutako harriak jartzen zituzten. Kastroa eraiki zuten tokiari buruz Martinezek esan zuen: “euren burua ikustarazteko eta boterea zutela erakusteko zen. Garai hartan oso inportantea”.

Sakanako kastroak
Ibarrean opatutako kastro aztarnak erakusten dutenez, haiek kokatzeko geografiak ematen duen aukerez baliatu ziren. Horrela, defentsa gaitasunean irabazi zuten. Haietako hainbaten berri Ezpileta elkarteak eman du. Martinezek esan zuenez, “hemen agertzen diren kastro mota hauek bizi gehiena Burni Aroan izan zuten, baina Brontze Arotik ari ziren gotortzen”.

Sakanako kastroak
Herria Tokia
Errotz Ermitagaña
   
Urritzola Herrian bertan
   
Izurdiaga Murubi
  Illunbeta
   
Ekai Gatxista
  Intrañeta
   
Irañeta Arrateaundi
  Ilarraga/Burte
   
Uharte Arakil San Bartolome ermita
  Etxabe
  Munogain
   
Arruazu Atazar
   
Unanu Eperretagaineta
  Gazteluzarpe
   
Bakaiku Hirimendi
   
Olatzagutia Mendi txiki
  Biokoitz (Birigako haitz)