Hamar urterako herriaren oinarrien aurkezpena

Guaixe 2019ko ots. 1a, 11:45
Antolatutako jardunaldietako batean elkartutako bakaikuarrak.

2018ko topaketetako ondorioak bihar, 18:00etan, udaletxean aurkeztuko dira. Haurtzaindegi zerbitzua izanen da.

Bakaikuko Udalean herritarren iritzia ezinbestekotzat jotzen dutenez, joan den urtean hainbat topaketetara gonbidatu zituen herritarrak. Topaketa horietan bakaikuarrek 2027an herria nola izatea nahiko luketen irudikatzeko eskatu zien. Emun kooperatibak gidatu du bakaikuarren hausnarketa kolektibo hori, bi galderetan oinarritzen zena: norantz jo nahi dugu? Zer-nolako herria nahi dugu etorkizunean?

Udalaren dinamika hori Nafarroako Gobernuak emandako 5.400 euroko diru-laguntzarekin eta Sakanako Garapen Agentziaren aholkuekin eta laguntzarekin egin da. Emunekoek gidatutako hainbat topaketaren eta elkarrizketaren bidez bakaikuarren erronkak eta lehentasunak zein diren zehazten joan ziren. Eta orain horiek aurkezteko garaia iritsi da. Aurkezpenaren ondoren, 19:00etan, “herri gisa emandako pausoa ospatzeko” catering-enpresa batek prestatutako auzatea izanen da.