Bakaikun aurten hiru kinto daude: Aingeru Senar, Unax Aiestaran eta Amaia Vicente. Haiekin batera kinto segizioa bi kinto zaharrek eta hiru kinto gaztek osatuko dute. Zortzikotea gaur Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera elkartuko da. Herrian poteoan ibili ondoren, iluntzean Altsasura etorriko dira kintoak dantzan ikustera. Herrira bueltan elkartean afalduko dute.
Biharkoa egun betea dute eta indarrak gordeko dituzte. Izan ere, kinto ospakizuna pagatzeko nahikoa diru bildu asmoz, 09:30 aldera kinto-eskea abiaraziko dute. Baserritarrez jantzita ariko dira eske-errondan, trikitilari eta panderojolea lagun dituztela. Goizez eta eguerdiz ariko dira eginkizun horretan eta haiekin eskuzabal direnei, esker onez, gazta eta txorizoa eskainiko diete. Jasotakoa zenbatu ondoren, Ordiziako sagardotegi batera joanen dira. Haiekin kinto zaharrak ere, 38 bakaikuarrekin autobusa betez.
Bazkaldu ondoren, Ordizian poteatu eta Altsasura joanen dira kintoak, hango jatetxe batean afaldu eta herrian parranda egiteko asmoz. Bezperako parranda elkarri domekan kontatuko diote, kinto-ospakizunak despeditzeko eginen duten afarian. Kintoek ez dakite aurtengo Santiago festetan zortzikoa dantzatzea tokatuko zaien. Duela bi urtekoek dantzatu zuten, baina joan den urtean jende helduagoaren ekimena izan zen.