Bakaikuarrek gaur dute mozorroa jartzeko aukera, herri ihotean. Arpillerak, farak eta bestelako elementuak janzten lehena herriko haurrak izanen dira, kamarro txikien kalejira eginen baita 12:30ean. Ihoteetan jan-edana ezin da falta eta 14:00etan herri bazkaria eginen dute Bakarrekoetxea elkartean. Mahietatik jaiki, mozorroak jantzi eta Bakaikuko ihote segizio bizia 17:30ean abiatuko da kalejiran, herrian barnako etxez etxeko erronda bihurtuko dena. Iluntzean indarrak berritu ondoren, Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen da, 22:30etik aurrera.
Asteartean ere izanen da ihote ospakizunik Bakaikun. Haur eta gaztetxo bakaikuarrek mozorro bazkaria izanen dute elkartean. Santa Ageda koplak kantatzean jasotakoarekin prestatuko dute bazkaria. Mahaitik jaso eta herrian barnako kalejira eginen dute. Hura despeditzean guztiendako txokolate-jana izanen da.