June Kintana, urrezkoa

Guaixe 2019ko mar. 5a, 14:45
Argazkiak: Espainiako Atletismo Federazioa.

Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketan disko jaurtiketan urrezko domina lortu zuen bakaikuarrak (53.46 m), nagusitasun handiz

Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa jokatu zen asteburuan Jaenen. 60 kirolari lehiatu ziren, tartean June Kintana bakaikuarra, disko jaurtiketan, Grupompleo Pamplona Atletico taldearekin.

June proba irabazteko faboritoa zen, aurreko urteko txapelduna. Diskoa urrutienera jaurti zuen atleta izan zen (53.46 m) eta podiumaren gorenera igo zen, aurreko urteko garaipena errepikatuz. Lau jaurtiketa egin zituen bakaikuarrak eta laurek urrea balio zuten (51.89 m, 52.80 m, 53.46 eta 52.36 m) Andrea Alarcon (AA Catalunya) bigarren sailkatutakoaren 51.12 metroko distantzia gainditzen baitzuten. Beraz, nagusitasun handiz gailendu zen bakaikuarra. Hirugarrena Mar Morant (CA Safor Delikia Sport) sailkatu zen, 50.78 metroko jaurtiketarekin.

Asteburuan Europako Jaurtiketen Kopa jokatuko da Samorinen (Eslovakia), baina June Kintana ez da bertan egongo. “Aurten zorrotz jarri dira minimoekin eta eskatutakoa gutxigatik ez dudanez lortu, ezingo naiz egon. 55 metroko jaurtiketa minimoa eskatzen dute eta aurten 53.46 izan denez egin dudan jaurtiketarik luzeena, ezingo naiz Samorinera joan. Sentsazio onekin nenbilen, baina ez naiz 55 metrora iritsi” azaldu digu Kintanak.

Nolanahi ere, June Kintanak 24 urte ditu eta progresio ederra darama, Espainiar Estatuko elite mailan baitago eta nazioarteko txapelketetan ere maila ona ematen ari delako. Leonen egiten ditu albaitaritza ikasketak bakaikuarrak eta ikasketak atletismoarekin uztartzen ditu, Leongo CEAR (Centro Especializado Alto Rendimiento) teknifikazio zentroan disko jaurtiketa entrenamendua egiten baitu.