Kale konponketak eginak

Guaixe 2019ko api. 6a, 11:33

Iturgain kalea konpondu berritan, inor ez pasatzeko hesiarekin. Argazkia: Bakaikuko Udala.

Frontoiko sarrera konpontzeko lanak ere aurreikusiak daude. Atea zabaldu eginen da gurpildun aulkiak eta tresneria arazorik gabe sartzeko.

Egoera txarrean zeuden Iturgain kaleko zati bat eta San Juan plazako beste zati bat konpondu zituzten joan den astean. Excavaciones y Transportes Santi enpresak egin zituen konponketa lanak eta haien truke 7.558 euro jaso zituen. Bakaikuko Udaletik jakinarazi digutenez, herrian eginen den hurrengo lana Iturrarte pilotalekuko sarrera handitzea eta berritzea izanen da. Horrela, gurpildun aulkian joaten direnek ez dute sartzeko zailtasunik izanen. Eta frontoian konponketak egiteko (argiteria, margotzea…) tresneria sartzeko aukera izanen da ere, orain arte ez baitzegoen eta aldamioak muntatu beharra zuten. Azken lan hori Toki Azpiegitura Planaren barruan jaso zuen Nafarroako Gobernuak 2017an eta, horregatik, udalak diru-laguntza izanen du. Lanak Belaize Eraikuntzak enpresak eginen du 24.609 euroren truke. 


Bestetik, udaletik gaztigatu digutenez, parte hartze prozesuaren barruan auzolana nolakoa izanen den erabakitzeko prozesu bete-betean daude. Bakaikuarrek hainbat lantalde sortu dituzte eta uda aurretik auzolana nola egin behar den araututa utzi nahi dute.