Andaren Donostiako 'Lantegia'-ra bisita

Guaixe 2019ko eka. 19a, 12:36

Andaren 'Lantegia' erakusketaren areto bat. CASTILLO SUAREZ

Bakaikuko Udalak eta Bakarrekoetxea elkarteak Jose Ramon Anda eskultore bakaikuarraren 'Lantegia' erakusketa ikustera bidaia antolatu dute. Ekainaren 29an izanen da, eta izena emateko epea igandean, ekainaren 23an, amaitzen da

Andaren "zurezko basoa" bezala izendatu dute Donostiako Kubo aretoan dagoen Lantegia erakusketa. Izan ere, Andak zurez egindako 90 bat lan erakusten dira bertan. Bakaikurrek erakusketa ikusteko aukera izanen dute datorren ekainaren 29an, larunbatean. Gainera, Jose Ramon Anda erakusketaren gidaria izanen da. Erakusketara eginen duten bidaira joateko izena ematea ekainaren 23an, igandean, amaitzen da, baita La Fabrica jatetxean eginen duten bazkarira apuntatzeko epea ere.

Autobusa 10:00etan aterako da Bakaikutik eta itzulera 20:00etan jarri dute. Autobusa Bakaikuko Udalak eta Bakarrekoetxea elkarteak jarriko dute eta erakusketa doan da. Aldiz, bazkarian izena ematen dutenek 40 euro ordaindu beharko dute.