Bakaikuko leku-izenak euskara sustatzeko

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 12:25

Bakaikuko leku-izenak bildu eta aztertu ditu Jesus Ondarra Erdozia bakaikuarrak. Orain, ikerketa hori liburu batean islatu du: 'Bakaikuko leku-izenez hausnarrean'. Aurreko ostiralean Bakaikun aurkeztu zuen, eta herriari "eskertua" dago

14 urte inguru zituenean eta frailetako ikastetxera joaten zenean, indioen eleberriak irakurtzen zituen. Eta horretako batean Urdinbideko zelai lekua agertzen zen. "Nik orduan esan nuen guk Bakaikun ere bageneukala horrela deitzen zen leku bat". Beraz, izenen eta leku-izenen jatorria eta esanahia ezagutzeko zaletasuna "betidanik" du Jesus Ondarra Erdoziak. Orain, Bakaikuko toponimiaren inguruko ikerketa bat egin, eta liburu batean bildu du: "Bakaikuko leku-izenez hausnarrean". Pamiela argitaletxean publikatu du, eta aurreko ostiralean aurkeztu zuen Bakaikun. Liburuak herrian "harrera zabala" izan duela esan du Ondarrak, eta herriari eskertua dagoela.

"Nire buruari eta herriari zor nien liburua". Jesus Ondarra Erdoziak urteak darama Bakaikutik kanpo, baina "bertan jaio, bizi eta hilko" den jendeak "inbidia" ematen diola aitortu du. Horregatik, herriko leku-izenen inguruko liburua "eskertzeko" modu bat izan da, "han gelditu direnak mantendu dutelako herria". Horrela sentitu du beti Ondarrak.

Liburuaren helburu nagusia Bakaikun euskara sustatzea dela esan du Ondarrak. Gainera, bizimodua aldatu denez "toponimoak eta lekuak" lehen bezala ez dela ibiltzen esan du. "Izen asko galdu dira, beste izen askoaren lekua zein den ez da jakiten eta erdal testuinguruan erabiltzen izenak desitxuratzen joan dira". Horregatik, Ondarraren nahia "joera hori gelditu" eta "atzera egitea" da: "guk jaso genituen, eta gorde genituen bezala, erabilgarri eta ulergarri egin, eta esanahia eman". Toponimiaren erabilera berriz sustatu nahi du.

Bakaiku leku-izenak
Bakaikuko toponimia ulertzeko "kanpora ere" jo behar dela azaldu du Ondarrak. Burunda osora, Etxarrikora eta Ameskoako "zerbait" ere ikusi behar izan duela dio. "Eremu zabalgotik ikusi behar duzu ulertu ahal izateko". Ikerketa hau egiten "urteak" pasa ditu Ondarrak. "Nire burua beti dago lanean". Izen bat entzuten duenean makinaria lanean jartzen da. Hala ere, ikerketarekin hasi zenean "ez nuen pentsatzen honaino iristea". 400 orrialdeko liburu bat argitaratu du. "Ez nuen hain zabala eta sakona izatea espero". Hasieran Bakaikuko izen "batzuk" argitu eta "artikulutxoren" bat biltzea zen bere helburua, baina lanean hasi zen eta "gauza korapilatuz joan da".

Liburua idazteko bi lan izan ditu: alde batetik, landa lana, hau da, Bakaikuko lekuetatik eta basoetatik ibili da Ondarra, eta, bestetik, dokumentuetan egindako bilaketak ere. Hortaz, Bakaikuko eta Etxarri Aranazko udaletxeetako artxibategian eta Nafarroako Artxibo Orokorrean bilatu du informazioa. Guztira, 289 izen nagusi agertzen dira liburuan. "Leku ia guztietan egon naiz hainbat aldiz, uste dut bakarrik hiru edo lau lekuetan ez naizela egon, zailak eta nire adinerako arriskutsuak direlako". Lana handia izan den arren "disfrutatu" duela esan du Ondarrak.

Bakaikuko leku-izenez hausnarrean liburua lau ataletan banatuta dagoela azaldu du Ondarrak. Hasiera moduan kontzeptu orokorrei buruz hitz egiten du bakaikuarrak, gero gramatika hizpide batzuk aipatzen ditu eta azentuei buruzko hainbat datu ematen ditu ere. Hortaz, atal hau ez du asko garatu, euskal azentuari buruzko proiektu berri bat duelako buruan. Gainera, liburu honetako gaia toponimia zen. Beraz, liburuaren liburuaren "enborra" edo "bizkarrezurra", ia 300 orrialde hartzen dituena, leku-izenen atala da. 

Ostiralean liburuaren aurkezpena egin zuen Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean. Bakaikuko udalak zabaltzen lagundu du, 150 ale erosi dituelako Bakaikuko etxeetan zabaltzeko. Hortaz, liburua ezagutu zenetik herrian "harrera oso zabala" izan duela esan du Ondarrak, "eta oso eskertua nago herriari".

Erlazionatuak

Bakaikuko toponimia hizpide

Guaixe Irratia 2019 eka 27 Bakaiku