"Poesia guztia eskulturetan dago"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko uzt. 15a, 12:07
Jose Ramon Anda eskultorea Bakaikuko tailerrean.

'Lantegi' erakusketa mustu zuen Jose Ramon Anda eskultore bakaikuarrak Donostiako Kutbo aretoan, Kursaal-en. Erakusketa osatuena dela esan du eskultoreak

Jose Ramon Anda bakaikuarraren ibilbide ia osoa biltzen duen erakusketa mustu zen Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan maiatzaren 13an. Abuztuaren 25era arte zabalik egonen da. Erakusketa Lantegi deitzen da eta 90 pieza baino gehiago biltzen ditu. 1973ko eskultura bat da erakusketaren zaharrena, eta azken aldian egindakoak dira berrienak.

Egurrarekin sortutako piezak dira gehienak, handiagoak eta txikiagoak. Eskultura horietako batzuk eskultorearen Bakaikuko lantegian edo tailerrean zeuzkan, beste batzuk jabeei eskatu behar izan dizkie. Izan ere, tailerra bera erakusketa bat da. Bertan biltzen ditu eskulturak egiteko behar dituen tresnak, baina bururatzen zaizkion formen maketatxoak ere. Hainbat altzairu-eskultura ditu ere Bakaikun. Erakusketa guztiak bereziak direla dio eskultoreak, baina hau berezienetariko bat da. Osatuena, behintzat, bada.  

Zergatik deitu diozu 'Lantegi'?
Javier Baldaren iradokizuna izan zen. Erakusketaren komisarioa da Balda. Lantegik esanahi bikoitza du. Lantegi bat tailerra da, baina gogoan dut gazte nintzenean Bakaikuko goiko edo beheko basoetan udalak zuhaitzak bota eta gero enkartean jartzen zituen. Eta Sanguzain edo Nabarzalen lantegi bat atera dutela esaten zuten.

Zuraren transformaziotik sortutako eskulturak erakusten dituzu?
Erakusketan daude hainbat gauza. Erakusketa bat da non pieza zaharrena 1973. urtekoa den eta berriena egin ditudan azken gauzak. Esaterako, erakusketa honetarako bi pieza handi egin ditut eta nik bakarrik ezin nituen landu. Orduan, nirekin Juan Carlos Zelaia egon da. Pieza hauek multzo organikoa direla esan daiteke. Eskultura handiak, zuhaitz zaharrekin egindakoak. Gaiak eta planteamenduak oso desberdinak dira.

Orduan, erakusketak ez du inolako haririk jarraitzen.
Eskultura multzoak dira.

Eta zeintzuk dira multzo horiek?
Lau gai daude. Nire lan lerroak primeran ikusten dira erakusketan. Alde batetik, multzo organikoa dago. Zahar, lehor zeudelako edo elurragatik erori diren zuhaitzak eta basoan gelditu diren enborrekin egindako piezak dira. Enborrekin egindako lehenengo pieza 1980ko hamarkadakoa da, eta azkena duela lau edo bost urte egin nuena. Gero beste lan lerro bat maketak dira. Batzuetan pieza handiak egin aurretik maketak egiten ditut. Ideiak maketa horietan garatzen ditut. Baina gerta liteke ideiak bukatzea eta maketa hori jarraitzea zentzurik ez izatea. Beste batzuk denborarekin hartzen ditut berriz eta moldakorragoak direnez birpentsatzen dut eta bira bat ematen diot. Akordio batera iristen naiz eta pieza handia egiten dut. Beste batzuetan ez naiz nire buruarekin akordio batera iritsi, eta maketa bozetoa apurtzen dut. Nire lan egiteko modua da hori. Figurazio piezaren bat ere badago; erretratuak eta biluzi bat, esaterako. Eta, bukatzeko, plano gurutzatuak deitzen dudan gai bat.

Pieza zaharrena 1973koa da eta berriena gaur egungoa. Andaren atzera begirada bat da?
Eskulturak gaika multzokatuta daude eta urteek salto egiten dute. Ez da ekoizpen lerrokatua. Ikuslearentzat hobe da horrela ikustea. Kronologikoki, bestela, ikuslea nahastuko zuen. Iruditu zaigu hobe zela gaiak egitea, lerro berdinean doazen eskulturaren gaiak egitea, eta elkar ukitzen duten hainbat gai batera jartzea. Pieza bakoitzak bere titulua eta sortze urtea du idatzita, interes gehiago duenarendako orientazio moduan.



LANTEGI
Nola sortzen dituzu enbor batetik sortutako eskulturak?
Eroritako zuhaitz lehorrekin edo zaharrekin egindako eskulturak dira. Enbor hutsak izaten dira normalean, eta batzuk bat-batean sortzen dira. Enborraren zati handi bat egurra da, baina beti saiatzen naiz zerbait ateratzen piezaren bat egiteko. Normalean eskulturarekin elkar eragin dezakezu. Bertan sartu edo bertatik pasatu. Miracielo eskultura, esaterako, Segoviatik ekarritako zuhaitz batekin egin nuen. Parke batean erori zen eta ekarri genuen. Eskulturaren barrura sartzen zara eta barrutik gora begira daiteke. Nahiz eta aretoan, noski, aretoarekin sabaia ikusi. Besarkada eskultura bi pieza dira eta haien artean besarkada bat ematen ari direla dirudi. Eskulturak euskaraz izendatzea gustatzen zait. Ezustekoa eskultura benetan ezustean sortu zen. Udalak egurra banatzen du. Enbor zahar bat zen eta udaleko langilea motozerrarekin egurra egiten zegoen. Kasualitatez atera nintzen eta bat-batean ikusi nuen aukera bat zegoela. Gelditzeko eskatu nion. Eta orduan eskultura hau horrela atera zen. Lerro honetan egin dugun azkena Sartu ahal baduzu eskultura da. Oso pasabide estua dauka.

Orokorrean eskultura hauek handiak dira, ez?
Eskultura txikienak 89 cm ditu eta handienak 3 metro. Pieza gehienak 2 metrokoak dira. Espazio honek aukera ematen du erakusteko. Eta ekartzeko laguntza behar genuen.

Elkar eragin ahal izateko eskulturak egitea gustatzen zaizu.
Ez dira bakarrik hortik pasatzeko eta ikusteko eskulturak. Beste serie batean, adibidez, behetik pasatzeko eskulturak dira. Gurutzatutako planoak deitzen dio multzo honi. Atariaren besarkada, adibidez. Sartagudan jarri nuen ondoren. Baina erakusketan dagoena egurrez egina dago. Bi plano daude eta plano horiek gurutzatzen dira. Sortzen den hirugarren dimentsio bat sortzen da, eta hor sortzen da eskultura. Eskultura hiru dimentsioetan garatzen da. Beste eskultura hau bezala. Insomnio gau batean bururatu zitzaidan. IruÒean pieza bat zegoen eta Zarautzen beste bat. Bi horiek dintel batekin elkartzea bururatu zitzaidan, eta hirugarren eskultura sortu nuen. Pasabide bat da. Askotan insomnioak ez dira oso produktiboak, beste batzuetan bai. Erliebeak lantzea ere gustatzen zait. Garatu dudan beste gai bat, beraz, uki nazazu da. Lauki, borobil eta hiruki batekin egindako konposizioak dira. Konposizio desberdinak egiteko aukera dit. Hiru elementu dira, eta mugi daitezke. Eduki guztiak oinarrizko formak dira. Baina eskua pasatzen duzunean testura desberdinak dira. Hiruki eta lauki primekin eta zilindroarekin egindako piezak ere egin ditut.

Pieza txikiak ere erakusten dituzu.
Handia izan nahi dut pieza multzoa da. Maketak dira. Altsasu eta Olazti artean dagoen eskulturaren maketa, adibidez. Kasu honetan, maketa hau handia edo heldua bihurtu da. Baina kasu gehienetan proposamenak dira eta ez dakit noizbait handiak izateko aukera izango dute edo ez. Idei bat obeliskoena izan da. Bertatik begiratzeko aukera ematen du. Erdi zabaldutako leihoak bailiran.

Erretratuak ere daudela aipatu duzu.
Unamunoren, nire emaztearen, amaren eta Picassoren erretratuak erakusgai daude. Biluzi bat dago ere, Madrilgo Arte Ederrak bukatu nuenean egin nuena.
 
LEIHOAK
Ateak eta leihoak zure eskultura askotan presente daude. Zergatik?
Paisaian egongo balitz begiradaren gonbidapena bat da. Batzuek pertsonak behetik pasatzen dira, eskultura handienetan. Beste batzuk, leihoak dituzte. Interesatzen zait eskulturarekiko elkar eragipen hori. Baina badago eskultura bat, Donostian erakusten duguna, eta zaharrenetarikoa dela, kubo bat dela. Kubo hori irekita dago eta ikuslea manipulatzera gonbidatzen du; pieza horrekin eskultura desberdinak egitera.

Nola sortu zen Lantegi erakusketa egiteko aukera?
Alzuzako Oteiza museoan erakusketa egin nuen. Duela bi urte garai honetan martxan zegoen. Baina pieza txikiagoak ziren. Izan ere, Alzuzan dagoen espazioa denbora-erakusketak egiteko pentsatuta dago. Hiru edo lau hilabetetako erakusketak egiteko. Beraz, espazioa txikiagoa da eta sabaiak baxuagoak dira. Hor sortu zen erakusketa hau egiteko ideia.

Zenbat denbora egon zarete prestatzen?
Holako erakusketa handi batean eta hainbeste gauza desberdinekin zaila da artikulatzea. Gainera, 1973. urtetik gaur egun arteko piezak daude ere. Bere zailtasuna badu. Eta nik uste oso ongi ikusten dela dena.

Zure erakusketa hoberena da?
Dudarik gabe erakusketa osatuena da. Beti pentsatzen duzu azkena garrantzitsuena dela, baina hau berezia da. Hospitaleten egindako erakusketa ere handia izan zen, baina duela 10 urte izan zen. Denbora tarte honetan pieza berriak egin ditut. Kubon piezak ikusten dira espazio nahikoarekin. Piezen artean leku gehiago dago. Bilboko Arte Ederretan ere erakusketa egin nuen eta hori izugarria iruditu zitzaidan. Duela bi urte Alzuzan egin nuena ere, gainera, Oteiza museoan izan zen eta Oteiza ezagutzen nuenez oso berezia izan zen niretako. Baina hau berezia da Euskal Herrian ez dagoelako Kursaal Kutxa Kubo bezalako espaziorik. Eta espazioa oso garrantzitsua da. Pieza handiak oso ongi ikusten dira, pieza handienak 4 metro ditu eta sabaiak 6. Beste aretoetako sabaiak ere altuera egokian daude. Beste areto batean altzairuak eta alde figuratiboa daude. Areto bakoitzean gai bat dago, beraz, multzoka egiteko aukera izan dut ere.

Nola hartu du jendeak?
Behintzat iristen zaizkidan iritziak oso onak dira. Egongo da gustatu ez zaion jendea, noski. Baina horiek ez didate esango. Askotan gertatzen zait erakusketa batera joan naizela oso kritika onak izan dituelako eta oso ospetsuak direlako eta gero ikusten dudanean ez dit ezer esaten. Beste batzuetan bai. Baina liburuekin berdina gertatzen da. Gomendatzen dizute irakurtzeko eta iritzia indartzen duzu edo ez.

Bisitak ere egin dituzu. Bakaikuarrak egon ziren.
Ni konturatu naiz bisitetan eta erakusketa azaltzen dudanean oso prosaikoa naizela. Poesia guztia eskulturetan dago. Baina eskulturen deskripzioak eta definizioak egiteko oso prosaikoa naiz. Ez diot poesia asko botatzen. Beste batzuek nire lanari buruz hitz egiten dutenean bizitasun gehiago jartzen diote.