Proposatutako auzolan eredua martxan jartzearekin ados zaude? Galdera horri erantzuna emateko aukera izanen dute 300 bat bakaikuarrek etzi. Herritarrek auzolanari buruz landu duten proposamenaren inguruan udalak herri galdeketa antolatu du. Proposamenaren helburua da Bakaikun auzolanarekin lotuta egiten diren lanak arautzea. Auzolantzat ez dute soilik lan fisikoa hartu, lan intelektuala edo kudeaketa lanak ere sartu dituzte auzolanaren barruan: batzordeetan parte hartzea, ingeniaritza lanak, kulturaren transmisioa, norberaren jakinduria edo ezagutza herriaren alde erabiltzea, koordinazio lanak eta abar. “Finean, herriaren alde egin daitekeen edozein ekimen izan daiteke auzolana. Xedea, herritarrei beraien arlo, behar edo nahien araberako ekarpena egiteko aukera eskaintzea da”, azaldu digu Egoitz Urritza Lazkoz alkateak.
Proposatutakoaren arabera udalak kudeatuko du auzolana. Bera izanen da auzolanean eginen diren lanak proposatuko dituena, baina bakaikuarrek ere aukera izanen dute lanak proposatu eta aukeratzeko. Proposamenean jaso denez, “herriaren alde egiten diren lanak, nahiz eta udalarekin loturarik ez izan, auzolan moduan zenbatzea posible izanen da, udalarekin adostua bada”. Alkateak azaldu duenez, “proposamena irekia eta malgua da. Auzolana martxan jartzen bada, urtebetera aztertu eta behar diren aldaketak edo doikuntzak egiteko tartea irekiko da”. Beharrezkoa joz gero, urtebete barru proposamenaren berrespen galdeketa egiteko aukera mahai gainean dute. Urritzak gaineratu duenez, “Herriaren beharren eta pilatutako esperientziaren arabera aldatzen joan beharko luke; horretarako noizbehinkako azterketak eginen dira herritarrekin”.
Bakaikuko Udalak herritar guztiei dei egin die herri galdeketan parte hartu eta beraien iritzia eman dezaten. Alkateak esan duenez, “herriaren etorkizuna baldintzatuko duen ekimen oso garrantzitsua izanda, herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa da. Herriaren etorkizuna dago jokoan eta, horregatik, arduraz jokatzeko deia egiten diegu herritarrei. Guztiontzako erakargarria den eta bere etorkizuna bermatua izango duen herria eraikitzeko garaia da”.
Udalak azalpenak emateko antolatutako bost informazio bileretako bat.
Gakoak
Bakaikuarrek egin dute auzolan proposamenaren gako nagusiak honakoak dira: auzolana Bakaikun erroldatuta dauden 18tik 55 urte bitarteko herritarrek egin behar dute; erroldatutako herritar bakoitzak bost lanorduko auzolan bat egin beharko du gehienez urtean; ezgaitasunak edo auzolanarekin bateraezinak diren gaixotasunak dituzten pertsonak salbuetsita daude; auzolanerako deialdia pertsonala (gutun bidezkoa) edo orokorra izan daiteke (bando bidez eta edonorendako deia); justifikatutako ez egoteak bost egun lehenago jakinarazi beharko dira edo ordezko bat bidali; auzolanarendako makineria handia uztearen truke 5 ordu emanen dira eta makineria txikiagatik 2 ordu; bidezko arrazoirik gabe auzolanera ez agertzeak 60 euroko isuna izanen du; auzolanean egindako lanek ezinen dute parte-hartzaileen segurtasun fisikoa arriskuan jarri eta Bakaikuko Udalak auzolanean parte hartzen duten herritarrak aseguratzera derrigortua dago.
Protokoloa
Bakaikuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Parte hartze demokratikoa Nafarroan 12/2019 foru legea baliatu du galdeketa deitzeko. Horren babesean, udalak herri galdeketarako protokoloa osatu eta onartu du. Han zehaztuta dagoenez, Bakaikun urtebete baino gehiago erroldaturik daramanak eta domekan 16 urte edo gehiago dituenak eman dezake bozka. Protokoloan jaso dituzte ere: aurretik botoa emateko aukera; kanpaina eta eztabaida publikorako tartea hilaren 5etik 19ra izatea; hauteskunde-mahaia udaleko hautetsiek osatua izatea; iruzurrak ekiditeko botoen erregistro zehatza egitea; zenbaketa publikoa izatea eta hauteslekua auzoa izatea.
Auzolan proposamenaren eta galdeketaren arauen berri emanez etxeetara gutunak bidali ditu udalak. Boto papera ere gutunean zegoen. Joan den ostegun eta ostiralean ere bost bilera egin ziren eta udaleko kideek azalpenak eman eta ekarpenak eta kezkak jaso zituzten. Astearteaz geroztik udaletxeko idazkaritzan aldez aurreko botoa emateko aukera izan da. Gaur ere hala dago, 12:00etatik 14:45era. Gainera, atzo arratsaldean auzoan bi ordu eta erdiz botoa emateko aukera izan zen.
Prozesua
2030 Bakaikuko plan estrategikoa egiteko bileretan 90 bakaikuarrek baino gehiagok parte hartu zuten. Hiru lehentasun markatu ziren: etxebizitza, eskolen eraikina eta auzolana. Azken gai horri buruz festen aurretik erabakitzea egingarria ikusi zuten eta otsaila akaberan parte hartze prozesua abiarazi zen. Batzordetan hausnarketa eta aurre lanketa egin zen, bi bilera irekietan proposamen batean gorpuztu zena. Azken hori da bakaikuarrek iritzia espero duena.