Automobilismoa

Bakaiku, mota guztietako katxarroen topaleku

Guaixe 2019ko urr. 11a, 13:58
Katxarroak nola funtzionatzen duten ikusteko primerako aukera egongo da bihar Bakaikun.

Bihar, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera auto, moto eta bizikleta klasikoak eta mota guztietako katxarroak ikusteko aukera izango da Bakaikun. Ondoren guztiak batera buelta emango dute Sakanan barna eta gero bazkaltzera bilduko dira Bakarrekoetxea elkartean

Bakaikuko Bakarrekoetxea elkarteak antolatuta, bihar, larunbatean, urriaren 12an, V. Katxarro Eguna ospatuko da Bakaikun. Goizeko 10:00etatik aurrera hasiko da topaketa, baina lehenago, goizeko 9:00etatik aurrera hasiko dira auto klasikoak, garai bateko bizikletak, motorrak, traktoreak, kamioiak eta mota guztietako tramankuluak iristen. Bakaikuko plazan eta inguruetan txukun aparkatu eta garai bateko traste edo katxarro zahar horiek gertutik ikusteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. 

Ibilgailu klasikoen munduak izugarri erakartzen du eta horren isla dira halako topaketek duten harrera eta ibilgailu eta katxarro zaharrak konpontzen dituztenen kopurua. Interneten, esaterako, ibilgailu klasiko hauen piezak lortu ahal izateko merkatu zabala dago, edo, besterik gabe, zaleen topaketarako makina bat web gune. 

Bakaikuk, beraz, atzera egiteko aitzakia bikaina emango digu bihar. Adin bat dugunon artean, nork ez ditu gogoratzen garai bateko Seat 600ak, Miniak, Alpineak eta beste? Oroitzapenak freskatzeko edo aspaldikoa ezagutzeko aukera izango da. Aurreko urtean, eguraldia lagun, jende asko hurbildu zen eta 100 parte-hartzaile inguruk bere altxorrak eraman zituzten. Fermin Paularenaren furgoneta edo food-trucka zegoen, Katxarro bitxienaren saria jaso zuena. Eta Ignacio Arbizu iturmendiarrak garai bateko enpaketadora manuala eraman zuen, 70 urtetik gora izango zuena, eta, horretaz gain, 100 urte inguruko motorra, motor estatikoa, aroztegi batekoa zena. Eta Clasicos San Fermin klubak katxarro gehien eraman zituen klubaren saria jaso zuen.

70 partaide baino gehiago
Horiek iazko edizioko katxarro batzuen adibidea dira, baina bihar askoz gehiago ikusteko aukera izango da. Antolakuntzako Iosu Aiestaranek aipatu digunez, aurtengo ediziorako 70 pertsona baino gehiago daude izena emanda. “Denetarik ikusteko aukera izanen da, kamioiak, bizikletak, motor ugari eta ezberdinak, barietate handia, eta 1950. urtetik 1980 urtera bitarteko mota guztietako auto klasikoak. Urtero harribitxi ezberdinak ikusteko aukera dago”. Antolakuntzak hiru sari banatuko ditu: katxarro zaharrenari, urrutienetik etorritako katxarroari, eta publikoaren faboritoari. 

Ibilbidean aldaketa
Bakaikura doazenak katxarroen artean kuxkuxeatzen gustura ari diren bitartean, antolakuntzak hamaiketako ederra prestatuko die topaketara euren katxarroak eramango dituzten guztiei. Eguerdia pasata, euren ibilgailu klasikoetan igo eta Sakanan barna buelta txiki bat egingo dute. Orain arte, Urdiaineraino joaten ziren, San Pedrotik Altsasura iristen ziren eta buelta hartu, baina aurten kontrako ibilbidea egingo dute. “Bakaikutik Lakuntzaraino joango gara, handik Arruazura, buelta hartu, eta Arbizura heltzerakoan Lizarrustirantz egingo dugu, buelta hartu eta Bakaikuraino heltzeko” azaldu digu Aiestaranek. Ondoren, Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera bilduko dira. “Momentuz 80 pertsona inguru daude izena emanda” gaineratu du Aiestaranek. 

Velosolex motor baten zozketa
Antolatzaileek Velosolex motor bat zozketatuko dute Katxarro Egunean, 12:00etan, Bakaikun. “Eibarren egiten ziren motor hauek. Motorra aurreko gurpilean dute, eta horregatik ez da karnet berezirik behar gidatzeko. Txartelak salgai daude, 2 eurotan” adierazi digute antolakuntzatik. Aurreko urtean ere Velosolex motorra zozketatu zuten eta Olaztiko Iñaki Gastaminza izan zen zorteduna.