Motorra

Giro bikaina Bakaikuko Katxarro Egunean

Guaixe 2019ko urr. 17a, 16:22

Parte-hartze errekorra izan zen: 197 klasiko zalek euren auto, moto, bizikleta eta kamioi klasikoak jarri zituzten ikusgai Bakaikun. Txentxo Aranak katxarro zaharrenaren saria jaso zuen 1935ko bere Austin Sever Ruby autoarekin

“Dena atera zen ongi: eguraldia bikaina zen; parte-hartze errekorra izan zen, 197 pertsonak eman baitzuten izena topaketan, eta jendetza hurbildu zen Bakaikura, katxarroak ikustera” adierazi digu Katxarro Eguneko antolatzaile Iosu Aiestaranek. Goizetik hasita giro bikaina egon zen Bakaikun, eta urtetik urtera gora doa eguna. 

197 klasiko zale animatu ziren euren altxorrak Bakaikura eramaten. Denetatik ikusi ahal izan zen: autoak, motorrak, bizikletak, kamioiak… Han zeuden Seat 600 mitikoak, Miniak, Renault 8ak, Citroën 2 cv ezagunak, Renault Alpineak, Porscheak, Dodgeak… Eta baita garai bateko motor ikusgarriak ere, Jimmy altsasuarraren bildumakoak, esaterako. 

Bakaikuko Katxarro Egunean huts egiten ez duen beste bat da Ignacio Arbizu da. Iturmendiarrak garai bateko artoak aletzeko makina eraman zuen, larunbatera arte Bakaikun ikusgai jarri ez zuena eta bildutakoen artean interes handia piztu zuena. “Denetarik zegoen ikusteko, makina oso politak” aipatu zuen Aiestaranek. Jendetza hurbildu zen makinak ikustera eta giro paregabea izan zen. 

Sariak
Sariei dagokienez, katxarrorik bitxienaren saria Denis Bainbridgek jaso zuen, 1958ko Biscuter komertzialarengatik. Katxarro zaharrenaren saria, aldiz, Txentxo Arana iruindarrak lortu zuen, 1935eko Austin Sever Ruby bere auto beltz ederrarekin. Eta Sopelako Francisco Javier Aburtuk urrutitik ekarritako katxarroaren saria jaso zuen: 133 km egin zituen bere autoarekin Bakaikun egoteko. 

Goizean Bakaikuko plaza eta kaleetan egon ziren aparkatuta ibilgailu klasikoak, baina gero Bakaikutik Arruazuraino joan ziren, han buelta hartu eta Arbizun Lizarragabengoarantz sartu ziren, Etxarri Aranatzera iritsi eta Bakaikuraino heltzeko. Hura bukatuta, 95 pertsona bildu ziren Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera, festa borobiltzera. 

Velosolex motorra Iturmendira
Antolakuntzak Velosolex motor bat zozketatu zuen Katxarro Egunean. Txartelak 2 eurotan jarri zituzten salgai. Iturmendiar bat izan zen onuraduna. Eibarren egiten ziren motor hauek, eta motorra aurreko gurpilean zuten.