LABek jakinarazi duenez, lastailaren 17, 24 eta 31ko mobilizazioen ondoren eta atzo lanuzteekin hasi aurretik, GH Guemako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak lantegiko Lan Osasunerako Batzordeari buruzko akordioa lortu dute. LABekoen iritziz akordioak “lan osasunaren jarraipen hobea egiteko marko bat ezartzen du, lan arriskuak kendu eta istripuak gutxitzeko”. Sindikatutik adierazi dutenez, “akordio horren atzean kontzientziatutako langile taldea dago, borrokarako hautua egin duena lan osasunerako dugun eskubidea errespetatua izan dadin”.
LABekoek jakinarazi dutenez, “pertsonen osasuna eta segurtasuna lehenetsiko da. Prebentzio Zerbitzuak behar diren neurriak hartuko ditu, zuzendaritzaren babesarekin”. Bestetik, Lan Osasunerako Batzordearen bileretara edozein pertsonak hobetzeko edo baloratzeko proposamenak eramateko aukera izanen du eta erantzuna eman beharko zaio.
Lan Osasunerako Batzordearen bileretan enkargatuak, prebentzio zerbitzuak, delegatuak eta behar izanez gero, bakarren batek proposatutako adituak parte hartzeko aukera izanen dute. Lan Osasunerako Batzordean hartzen diren erabakiak bete beharrekoak izanen dira, bestela, azalpenak emanen dira. Lan Osasunerako Batzordearendako aurrekontua zuzendaritzak urte hasieran erabakiko du. Azkenik, Lan Osasunerako Batzordean egitea aurreikusitako inbertsioak aurrekontuaren arabera nola egin zehaztu dituzte ere. 2000 eurotik beherakoak direnean erabakia zuzendaritzaren eta prebentzio delegatuaren artean hartuko dute, bakoitzak % 50eko erabaki ahalmena izanen dute. Eta berdinketa kasuan prebentzio zerbitzuak izanen du azken hitza. Osasun arloan 2000 euro baino gehiago eskatzen duten inbertsioen kasuan zuzendaritzaren baiezkoa beharko da hura gauzatzeko.