Aurten hiru kinto daude Bakaikun: Iñaki Cerezo, Xanti Lopez de Zubiria eta Iratxe Urrestarazu. “Baina gurekin batera hiru kinto zaharrek eta 2 kinto gaztek ospatuko dituzte Bakaikuko kintoen festak” adierazi digu asteburuko ospakizunak heltzeko gogotsu dagoen Iratxe Urrestarazuk.
Ostiralean elkartuko da kintoen-segizioa. Koxko tabernan afalduko dute, eta gero Iturmendira, Altsasura edo Olaztira joango dira parranda egitera, oraindik ez dute adostu. “Egunean erabakiko dugu nora joan. Dena den, garaiz erretiratu beharko dugu, larunbatean goiz-goizetik hasiko baikara eskean” gaineratu du Urrestarazuk.
Larunbatean goizeko 9:00ak aldera hasiko dira eskean, Etxarriko bi trikitilariren laguntzarekin. Saski batean ardoa, gazta eta txorizoa emango dute kintoek, herritarrei eskaintzeko, trukean jaso duten diru borondatea eskertzeko. Herriari buelta guztia eman eta gero, bildutako dirua zenbatuko dute elkartean, eta, ondoren, autobusean igo eta Ordiziara joko dute, sagardotegian bazkaltzera. “Arratsaldean Ordizian poteatu ondoren, autobusera igo eta Altsasuraino joango gara. Han afalduko dugu eta parranda egiteko asmoa dugu, ziurrenik ordu txikitaraino luzatuko dena” aitortu digu Urrestarazuk.
Eta horrela despedituko da Bakaikuko kintoen ospakizuna. “Lehen, igandean ere festa egiten zen, baina badira urte batzuk jada igandean festarik ez dagoela” kontatu digu Urrestarazuk. Kinto ospakizunetan ez dute zortzikoa dantzatzen, bai ordea Santioko festetan.