Disko jaurtiketa

54,40 metroko jaurtiketa, 55 metrokoa helburu

Guaixe 2020ko ots. 14a, 10:25
June Kintana, pentsakor, aurreko txapelketa batean.

June Kintanak diskoa 54 metro pasara jaurti zuen larunbatean Leonen. Hilabete honetako saioetan 55 metroko jaurtiketa egiten badu, martxoaren 21ean eta 22an Portugalen jokatuko diren Europako Kopan parte hartzeko aukera izango du atleta bakaikuarrak

Larunbatean Espainiako Atletismo Federazioak jaurtiketa luzeen kontrol saio bat burutu zuen Leonen. June Kintana Larraza bakaikuarra (Grupompleo Pamplona Atletico) emakumezkoen disko jaurtiketan aritu zen eta kilo bateko diskoarekin bikain aritu zen. Berak egin zuen denborarik onena: 54,40 metrora jaurti zuen diskoa. Bere atzetik Ines Venero (Alcampo Scorpio) sailkatu zen, 47,67 metroko jaurtiketarekin. “Espainiako Atletismo Federazioak antolatzen du proba hau, kontrol moduko bat, eta bide honetan noa” adierazi digu Bakaikuko disko jaurtitzaileak. 

Hurrengo proba otsailaren 29an izanen du June Kintanak, Castellonen. “Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako beste kontrol bat da, martxoaren 7an Granadako Motrilen Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeetako Txapelketa jokatu baina lehen. Eta proba hauetan Europako Jaurtiketen Kopara joan ahal izateko gutxienekoa lortzen badut, 55 metroko jaurtiketa, martxoaren 21ean eta 22an Portugalera joango naiz Espainiako Selekzioarekin, Leirian jokatuko den Europako Jaurtiketen Kopan aritzera” gaineratu du Bakaikuko atletak. Heldu diren egun horietan, beraz, 55 metroko gutxieneko jaurtiketa egitea da bakaikuarraren erronka. 

Euskal Herriko eta Nafarroako txapelduna
Otsailaren 2an Euskadiko eta Nafarroako Jaurtiketa Luzeen Txapelketa jokatu zen Gasteizen. June Kintana maila absolutuan gailendu zen, 48,30 metroko jaurtiketarekin, Catalunya taldeko Andrea Alarconen aurretik (44,57 m). “Irabazi nuen, baina markarekin ez nintzen oso kontentu geratu. Dena den, Leongo kontrolean nabarmen hobetu nuen denbora, 54,40 m, eta Europako Kopan aritu ahal izateko minimotik, 55 metrotik gertu nago” aipatu digu Kintanak. 

Juneren markarik onena 56,30 metrokoa da (2017, Europako 23 urtez azpiko txapelketa, Polonia), eta joan den urtean egin zuen markarik onena 55,72 metrokoa izan zen, Zaragozan. 

2019ko irailean Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa irabazi zuen June Kintanak, emakumezkoen disko txapelketako maila absolutuan. Orduan 54,56 metrora jaurti zuen diskoa eta Espainiako txapelduna izan zen, alde handiz. June Kintanak Leonen jarraitzen du, Espainiako Atletismo Federazioko Teknifikazio Zentroan trebatzen eta, aldi berean, albaitaritza ikasketak egiten.